Atal honetan, aisialdi hezitzaile, euskaldun eta berritzailearen garatzeko sotu dugun proiektuen berri izango duzue. Eskuragarri daude material guztiak, nork bere ingurunean erabiltzeko aukera izan dezan. Horrez gain, proiektuen dinamizazio, aholkularitza zein koordinaziorako zerbitzua ere badugu. 

Hemen dituzue sortutako proiektuak:

DEUSTUN ETA SAN INAZION KIROLA ETA EUSKARA UZTARTZEKO PILOTAJEA.

Deustun eta San Inazion kirola eta euskara uztartzen dituen proiektua aurkeztu du Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak Kirol(h)ariak lan-lerroaren baitan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestutako proiektu pilotu berritzailea da, eta eskola kirolean eta kirol klubetan jarriko da martxan.

Helburu nagusia, euskarazko ahozkotasuna modu ludiko eta natural batean lantzea da. Horretarako, 4 ikastetxe publikorekin eta 5 kirol klubekin egingo da lan.

GAZTEEKIN AISIALDIA LANTZEKO PROZESU PARTE-HARTZAILEA

Herrietako gazteen euskarazko aisialdia garatzeko eta hobetzeko parte-hartze prozesu bat da Ahozgora. Izan ere, egun, gero eta egituratuago dagoen aisialdi eredu bat dugu: ikastaroak, kirol-talde federatuak, eskolaz kanpoko ekintza gidatuak… aisialdia zukutzen dugu, eta hamaika aukera daude aisialdiaz gozatzeko. Alabaina, haur eta gazteen kasuan, maiz, nork erabakitzen du nolakoa izango den eskaintza hori? Nork daki zer den benetan gazteek eskatzen dutena?

Gazteen gozamena erdigunean jarri nahi badugu, gazteak erabakitzeko ahalmena duten subjektu aktibo bezala onartu behar ditugu. Gainera, haiek aintzat hartzeak eta beren bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko ahalmena emateak hamaika onura dakartza: autonomia garatzea, parte-hartzen ikastea, autoestimua hobetzea, etab.

· EGIN TTAP! ONLINE LEHIAKETA·

Azaroaren 24tik abenduaren 1era martxan jarritako online lehiaketa da Egin TTap! Helburua haur eta helduak (familian zein lagunekin) batera, 7 egun hauetako bakoitzean 7 galdera erantzutea izan da, ahalik eta azkarren.

Galderak askotarikoak izan dira: kultura, natura, musikagintza, geografia… Quizz dibertigarria da sortutakoa, eta helburua euskaraz ondo pasatzeko momentutxo bat sortzea izan da.

· AISIALDI ETA HIZKUNTZA PROIEKTUAK ·

Kukulaisik Garabide Elkartearekin lankidetzan dihardu 2021. urteaz geroztik, hasieran, HIBIL (Herri Indigenen Biziberritze Estrategiak Indartzeko Lankidetza Sarea) ikastaroan parte hartuz, eta, orain, Ekuadorreko programan aholkulari lanak eginez. Bigarren programa hau dela eta izan gara Ekuadorren.

Ekuadorreko kitxueraren hizkuntza biziberritzean esperientziak elkartrukatu eta elkar elikatzeko proiektu bat abiatu zuen Garabidek, eta helburu horrekin, alor desberdinetako euskalgintzako erakundeei proiektuan parte hartzea proposatu zien: AEK, Elhuyar, Aiaraldeko Faktoria, eta tartean, gu. 2 urteko proiektu honen bidez, kitxueraren biziberritzea indartzeko abian dauden proiektuen gainean gure esperientzia partekatzea eta aholkularitza eskaintzea da gure lana.

Kukulaisiren kasuan, bertako kitxuerazko aisialdi-eskaintza diseinatzen laguntzea izan da gure egitekoa. Horretarako, urtean zehar online saioak egin genituen, eta irailean Ekuadorreko Imbabura lurraldera bidaiatu genuen aurrez aurreko eskolak eta aholkularitza modu sakonagoan egin ahal izateko. 10 egun igaro ditugu bertan, eta ezin dugu bihotza beteago ekarri. Esperientzia benetan aberasgarria izan da beste komunitate batzuen errealitatea ezagutu, elkar entzun eta elkarrengandik ikasteko aukera izatea. Yupaychani, mashikuna!

KUKULAISI

Euskal Herrian haur eta gazteen aisialdian diharduten elkarteak bateratzen ditu.

Zearkale Kalea 36,
8. solairua, 6.bulegoa
48260 Ermua