DEUSTUN ETA SAN INAZION KIROLA ETA EUSKARA UZTARTZEKO PILOTAJEA

Deustun eta San Inazion kirola eta euskara uztartzen dituen proiektua dugu martxan Kirol(h)ariak lan-lerroaren baitan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestutako proiektu pilotu berritzailea da, eta eskola kirolean eta kirol klubetan dago martxan. Helburu nagusia, euskarazko ahozkotasuna modu ludiko eta natural batean lantzea da. Horretarako, 4 ikastetxe publikorekin eta 4 kirol klubekin ari gara lanean.

Izan ere, Kukulaisik argi ikusten zuen eskolak sekulako lana egin arren, bakarrik ezin duela; gure haur eta gazteak euskarara erakarri nahi baditugu, beste eremu batzuetan ere eragin beharra dago. Gainera, gakoa da euskara eta gozamena lotzea, eta horretarako eremu estrategikoa da aisialdia, eta haren barruan kirola, gazte gehienek kontsumitzen duten aisialdi eredua baita, eta gainera, hizkuntzaren lanketarako ezaugarri interesgarriak ditu: talde konpromisoa, talde izaera, erreferentearen figura…

Hori kontuan hartuta, gazteen ahozkotasuna eta komunikatzeko gaitasuna hobetzeko ariketa esperimental bat da hau, Kukulaisiren bazkide den Berbaizu Euskara Elkartetik abiatu zena: egitasmoaren funtsa haur eta gazteen partiduak grabatu eta horren ostean jokalariekin elkarrizketak egitea da, eta kirol komunitateetako agente guztiak aktibatzeko, entrenatzaileak elkarrizketatzaileak eta gurasoak grabazio lanak egiten dituztenak izatea. Hau egin ahal izateko kirol komunitate bakoitzeko kate begi diren xede taldeekin aurretiazko lana ere egin dugu. Esperientzia benetan positiboa izaten ari da, eta kirol komunitatea oso ondo ari da erantzuten. Hemen bideo baten adibide bat:

Esan bezala, proiektua testatzen ari gara, baina urte honetatik irakaspenak atera eta kirolean eragiteko materiala sortuko dugu, bai entrenatzaileekin, bai gurasoekin, bai umeekin lan egiteko. 

Indarrak batuz eta bakoitzak beretik eraginez, denon artean kirol komunitateak euskararentzako babesgune bilakatu daitezkela sistesten du Kukulaisi Aisialdiaren Topaguneak, eta horri erantzun nahian egingo da proiektua hemendik ekainera arte.

KUKULAISI

Euskal Herrian haur eta gazteen aisialdian diharduten elkarteak bateratzen ditu.

Zearkale Kalea 36,
8. solairua, 6.bulegoa
48260 Ermua