ZER DA?

Herrietako gazteen euskarazko aisialdia garatzeko eta hobetzeko parte-hartze prozesu bat da Ahozgora. Izan ere, egun, gero eta egituratuago dagoen aisialdi eredu bat dugu: ikastaroak, kirol-talde federatuak, eskolaz kanpoko ekintza gidatuak… aisialdia zukutzen dugu, eta hamaika aukera daude aisialdiaz gozatzeko. Alabaina, haur eta gazteen kasuan, maiz, nork erabakitzen du nolakoa izango den eskaintza hori? Nork daki zer den benetan gazteek eskatzen dutena?

Gazteen gozamena erdigunean jarri nahi badugu, gazteak erabakitzeko ahalmena duten subjektu aktibo bezala onartu behar ditugu. Gainera, haiek aintzat hartzeak eta beren bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko ahalmena emateak hamaika onura dakartza: autonomia garatzea, parte-hartzen ikastea, autoestimua hobetzea, etab.

Hori horrela, norabide horretan funtzionatzeko pausotxo bat da prozesu honek proposatzen duena: herriko aisialdiaren diagnostiko bat egitea eta egun dagoen eskaintzaren azterketa eta hobekuntza lantzea. Hasierako pausua da, baina bertatik egiteko beste modu bat sor daitekeela argi dugu: bestelako politikak (administrazio-mailan, baina baita herrigintza-mailan ere) aurrera eramateko aukera ematen duela uste dugu, kogobernantzan oinarritukoak eta herriaren ahotsaren ordezkaritza zintzoagoa izango dutenak.

Hori gutxi balitz, estrategikoa iruditzen zaigu aisialdia euskararen motibazio, ezagutza eta erabileran eragiteko. Gero eta argiagoa da hezkuntza formalak soilik ez dituela gazteak euskalduntzen, eta beharrezkoak direla eremu informalagoak, gozamena eragiten dutenak, gazteak euskarara erakartzeko. Hori horrela, gazteengandik jasotako informazio, nahi eta behar horiek hizkuntzaren ikuspegitik aztertzea ere bada prozesu honen asmoa, gero, behar horiek guztiak hiztunen aktibazioaren alde lerratzeko.

ZEINTZUK DIRA HELBURUAK?

Esan bezala, gazteak subjektu aktibo gisa ulertu behar ditugula sinesten dugu, eta horretarako erabaki ahalmena ematea eta haien ahotsa entzutea gakoa dela, eta horregatik abiatu genuen Ahozgora. Zehatzago, hona hemen prozesuaren helburuak:

  1. Herriko aisialdiaren diagnostikoa egitea gazteen ikuspegitik, hizkuntzen erabilera ardatz. 
  2. Diagnostikoaren baitan aisialdiko egitasmo eta tresnen azterketa eta hobekuntza lantzea edota hutsunerik bada aisialdi egitasmo berri bat ideatzea gazteekin[1].
  3.  Herrietako euskarazko aisialdia hobetzeko ideia-egitasmoen banku bat sortzea.
  4. Gazteen iritzia administraziora eta herriko eragileengana heltzea.

Hemen proposatzen dugun metodologia helburu hauei erantzuteko sortua dago. Hori horrela, bestelako helburu batzuk erantsi nahi izanez gero edo aldaketaren bat egin nahi izanez gero, metodologiak ere aldaketak izan beharko lituzke.

ZEIN DA XEDE-TALDEA?

Prozesua 16 urtetik gorako gazteekin egiteko diseinatu da. Beste edozein adin-tarterekin egin daitekeen azterketa bada ere, uste dugu interesgarria dela xede-talde horrekin lan egitea, hutsune bat antzematen baita adin horietan. Aisialdiko parte-hartzea nabarmen jaisten da 16 urtetik gora: udalekuetara joateari uzten diote, ez dira gaztelekuan egoten, parkean ere ez… hots, oso agerikoa da herriak eskaintzen  diena ez dela haientzako erakargarria. Horregatik diseinatu da parte-hartze prozesu hau haientzat, eta, berriz ere, beste adin-tarte batekin lan egin nahiko balitz, metodologiak ere aldaketak jasan beharko lituzke.

ZEIN OINARRI METODOLOGIKO ERABILI DUGU?

Prozesu parte-hartzailerako, metodologia gisa Ikerketa Ekintza Parte-Hartzaile (IEP) bat abian jartzea proposatzen dugu, Reflect ekintza ikuspegia txertatuz. Metodologia honek errealitate sozial bat osatzen duten eragile ezberdinek eta pertsonek modu kolektiboan eta adostuan euren errealitateari buruzko auto-diagnostikoa egitea, beharrak definitzea, lehentasunak zehaztea eta hauei erantzuna emateko neurriak hartzea ahalbideratzen du. Hortik harantzago, erabaki prozesuak irekitzea eta eragile ezberdinen arteko botere-harreman desorekatuetan esku-hartzea eta denon arteko akordioak eraikitzea du helburu (Foroni, 2011)[2].

Hau da, Reflect Ekintza ikuspegiarekin garatutako eraldaketa-prozesu kontzienteak eraikuntza kolektiboko prozesuak dira. Prozesu horiek ekintzara bideratuak daude, hori da azken helburua. Hona hemen beste gako garrantzitsu batzuk (Foroni, 2011):

  • Parte-hartzeko ikasketa-prozesuak dira, indibidualak ez ezik, kolektiboak ere badirenak.
  • Prozesuan, elkarrekin eraikitzeko aukera ematen duten espazio demokratikoak sortzen dira, eta horretarako, gakoa da bideratzailearen lana: teknika eta dinamika egokien bitartez, berdintasun-egoerak sustatu behar ditu, taldeak ezagutza eta planteamenduak kolektiboki eraiki ditzan.
  • Prozesua etengabeko hausnarketa- eta ekintza-dinamiken bidez eraikitzen da.
  • Prozesu malguak eta egituratuak dira, prozesu-ikuspegia daukate (ez edukizkoa), eta, horren ondorioz, talde bakoitzak hautatzen duen bidearen arabera bilakatzen dira.
  • Arazoen alderdi subjektiboak eta objektiboak modu integratuan lantzen dira.

GURE EREDUA: ELGOIBAR ETA BERGARAKO ESPERIENTZIAK

Helburu, xede-talde eta metodologia hau gogoan, prozesua Elgoibarren eta Bergaran pilotatu dugu Elgoibarko Izarra, Jardun Euskara Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera. 2 orduko bi saiotan banatu dugu prozesua, eta emaitzak oso positiboak izan dira. Izan ere,  ezarritako helburuez gain,  proiektuak gazteen  arteko harremanak sustatzeko eta eragileen eta gazteen arteko saretzea ahalbidetzeko balio izan du. Gainera, aisialdia jorratzen duten elkarte hauentzako benetan argigarria eta erabilgarria izan da proiektua, eta bide berriak zabaltzeko aukera eman du: gazteen kontaktua lortzea, gazte proiektu bat martxan jartzeko lehen pausuak diseinatzen hastea, gazteen beharretatik abiatutako ekintzak egitea, udalekin hartu-emana izatea…

[1] Gazteen proposamenak lantzeko edota bideratzeko konpromisoa hartuko dute elkarteek edo Kukulaisik (proposamenaren izaeraren arabera).

[2] Foroni, N. (2011). Eraldaketa-prozesuak: zer, zertarako, nork, nola… Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia

METODOLOGIA PROPOSAMENAK

Gure esperientziatik abiatuta esan genezake prozesu aberasgarria dela honakoa. Alabaina, argi utzi nahiko genuke jarraian aurkeztutakoa eredu bat baino ez dela, eta leku bakoitzaren errealitatearen arabera, moldaketak beharrezkoak izan daitezkeela.  Hori horrela, hona hemen Ahozgora prozesu parte-hartzailearen metodologia 3 ataletan banatuta: prozesuan zehar gogoan hartzeko gakoak, 1. saioaren metodologia proposamena eta 2. saioaren metodologia proposamena.

GAZTEEN

PROPOSAMENAK

Metodologia honen bidez, esan bezala, gazteek beren herrian faltan somatzen dutena edo nahiko luketena identifikatzea da asmoa. Hala ere, uste dugu behar eta interesgune batzuk Euskal Herri mailan amankomunak izan daitezkeela, beraz, ideien-banku bat osatu dugu. Behean, prozesu hau egin den bakoitzean ateratako ideiak daude, fitxetan gordeta:

KUKULAISI

Euskal Herrian haur eta gazteen aisialdian diharduten elkarteak bateratzen ditu.

Zearkale Kalea 36,
8. solairua, 6.bulegoa
48260 Ermua