Hedabideetan hobekuntza azterketak egiteko HEHOBA diru-laguntzak

Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak HEHOBA diru-laguntza deialdia argitaratu du, euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egiten laguntzeko. Jarraian laburtu dizkizuet deialdiaren ezaugarri nagusiak, interesgarriak izan daitezkeelakoan.

 

  • Gehienez ere SEI egitasmo lagunduko ditu Jaurlaritzak, tokiko hedabideen inguruko lau eta bestelakoen inguruko bi.

  • Hobekuntza-azterketa horiek, gutxienez, honako alderdi hauetakoren bat izan behar dute aztergai:
    a) Hedabidearen planteamendua digitalizazioaren inguruan.
    b) Hedabideari zuzenduriko hobekuntza-proposamenak identifikatzea.
    c) Hedabideari buruzko hausnarketa estrategikoa.
    d) Hedabideari buruzko lan-ildo berrien potentzialitatea eta egingarritasuna lantzea.
    e) Hedabidearen posizionamenduaren eta hartzaile potentzialarekiko harremanaren diagnosia egitea.
    f) Hedabidearen merkatuari dagokion azterketa.
    g) Hedabidearen finantzaketa propioa hazteko proposamena lantzea.

  • Egitasmo bakoitzeko gehienezko laguntza 15.000 eurokoa izango da.

  • Laguntza jaso ahal izateko, egitasmoek %20ko autofinantzazioa izan behar dute.

  • Aurreko deialdian lagundutako egitasmoak ezin dira berriz ere aurkeztu.

  • Lagunduko diren gastuak bi izango dira soilik:

    • Azterketa egin behar duen kanpoko enpresa edo erakundearen faktura (azterketa norberak egitea ez du balio beraz)

    • Erakunde horrekiko koordinazio lanetan jartzen den lagunaren soldataren %10

  • Eskabideak aurkezteko epea IRAILAREN 29an amaituko da.

Dakizuenez, aurreko urteotan deialdi hau aprobetxatu dugu hainbat hedabide bazkideren audientzia ikerketak egiteko, oso emaitza positiboekin, eta honezkero badugu horrelakoak egiteko dinamika nahiko zehaztuta. Ez da aukera bakarra, noski; bideragarritasun planak eta horrelakoak ere egin izan ditugu horren baitan. Buruan baduzue horrelako zerbait egitea, edo interesgarria izan litekeela iruditzen bazaizue, lehenbailehen jakinarazi, mesedez.