Ibilbidea

Euskaltzaleen Mugimenduaren ibilbidea

Gizarte mugimendu guztien modura, euskaltzaleen mugimenduak gora-beherak izan ditu bere historian zehar: elkarte berrien jaiotzak eta beste batzuen desagertzeak, ekimen arrakastatsuak eta ondo atera ez direnak, lorpenak eta porrotak, ospakuntzak eta haserrealdiak.

Milaka gizon-emakumeren ekarpen eta ahaleginetik sortu eta ekin duen mugimendu honetan azpimarratu ditzakegun datak, ekimenak eta pertsonak asko diren arren, euskaltzaleen mugimenduarentzat mugarri izan diren ekimen, gertaera eta data batzuk ekarri ditugu laburpen honetara.

1963

1963: Elgoibarko Izarra elkartearen sorrera

Euskaltzaleen Topaguneko bazkideen arteko zaharrena Elgoibarko Izarra Euskaltzaleen Topagunea da. Euskara elkarterik ez zegoen garaian sortu zen Elgoibarko zenbait euskaltzaleren ekimenez. Lehen urteetan kultur elkarte modura sortu zen, Elgoibarko ikastola babestuz euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Ezin da beraz lehen euskara elkartea izan zenik esan, ez baitzituen euskara elkarteen funtzio eta ezaugarriak lehen urteetan, baina bai da Topaguneko elkarte zaharrena.

1990an Elgoibarko Izarrak bigarren garai bati ekin zion, inguruan sortzen ari ziren euskara elkarteen arrastoari jarraituz, Elgoibarko euskaltzaleen topagune bihurtuz eta euskara elkarteen ezaugarri eta funtzioak hartu eta euskararen erabilera bultzatzea xede nagusi modura finkatuz.

1981

1981: Ttipi-Ttapa aldizkariaren sorrera

Euskarazko toki hedabideen aitzindaria da Ttipi-Ttapa aldizkaria. 1981 urtean sortu zen gaur egun oraindik ere Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Leitzaldea, Malerreka, Sara, Senpere, Urdazubi eta Zugarramurdiko informazioa lantzen duen aldizkaria. Gerora, Euskal Herriko hedabideen artean lehena izango zen bere edukiak interneten jartzen (gaur egun erran.eus gunean).

Gertuko informazioa euskaraz landu eta etxez etxe zabaltzeko apustua egin zuen Ttipi-Ttapa aldizkariak, eta horrela lortu du bere banaketa eremuan toki informazioan erreferente nagusia izatea. Ttipi-Ttapak zabaldutako bidetik sortu ziren hurrengo urteetan Euskal Herriko herri eta eskualde askotan toki hedabideak. Autoediziorako tresnek ematen zituzten aukerak baliatuz, toki aldizkari ugari sortu zen eta hainbat herritan hedabide irakurrienak bihurtu ziren.

1983

1983: Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen sorrera

Arrasaten sortu zen AED elkartea, euskara elkarteen ezaugarriekin sortutako lehen elkartea.

Herriko euskaltzale batzuk soziolinguistikari buruzko hitzaldi sorta baten elkartuta euskararen erabilera eta motibazioa ardatz izango zituen elkartea sortu zuten. Bi helburu nagusirekin sortu zen elkartea: herri bizitzan euskaraz bizitzeko espazioak eta tresnak sortzeko eta herriko euskaldunak artikulatzeko. AED elkartea euskara elkarteen aitzindari izateaz gain (Euskal Herrian herriz herri hedatzen joan ziren euskara elkarteak Arrasateko ereduari jarraituz), hainbat arlotan ekimen eredugarriak sortzen ere erreferentea izan da. Elkartearen ekimenez edo sostenguz besteak beste ondokoak sortu dira: haurren aisialdian diharduen Txatxilipurdi elkartea; Arrasate Press aldizkaria, Arrasate telebista eta Arrasate irratia sortu zituen ARKO (Arrasate komunikabideak) elkartea, gerora bailarako gainontzeko euskara elkarteekin batera eskualde mailan Goiena taldea sortu zuena; lan munduan euskara sustatzeko EuskaLan taldea; emakume euskaltzaleek osatutako Ekin Emakumeak elkartea.  

1991

1991: Adorez eta atseginez mintegia

90. hamarkadako euskara elkarteen sorreran eragin nabarmena izan zuen José María Sánchez Carrión “Txepetx”ek 1987 urtean argitaratutako tessiak, Un futuro para nuestro pasado, claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas liburuan jasoa, eta horren ondoan sortutako soziolinguistikaren ikuspegiak eta oinarri teoriko guztiak. Txepetxen oinarri teorikoen azterketa eta garapenerako, Eskoriatzako irakasle eskolaren (gaur egun Mondragon Unibertsitateko HUHEZI) bueltan mintegia antolatu zuten hainbat euskaltzalek: Adorez eta atseginez mintegia. Mintegi honetako kideek lan garrantzitsua egin zuten dibulgazioan eta euskara elkarteetan hasi berriak ziren hainbat lagunentzako erregai eta oinarri garrantzitsua izan zen mintegitik ateratakoa.

Honekin batera, aipagarria da garai horretan AED elkartea Jazten aldizkaria argitaratzen hasi zela. 1989 eta 1994 urteen artean Jazten aldizkariaren 10 zenbaki argitaratu ziren eta euskara elkarteen mugimenduarentzako pentsamendua lantzeko tresna garrantzitsua izan zen. Webgune honetan bertan aurkitu daitezke Jazten aldizkariaren hamar zenbakiak dijitalizatuta.  

1993

1993: Mintzalaguna egitasmoa jarri zuen martxan Donostiako Bagera elkarteak

topagunea-mintzalaguna-bagera-sorreraDonostian jarri zen lehen mintzalagun egitasmoa martxan. Abiapuntuko ideia sinplea: euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten lagunak ohiko euskal hiztunekin elkartzea, lagun taldeak osatuz, euskara praktikatu dezaten. Euskara ikasten ari zirenetan pentsatutako ekimena, hasiera batean, baina gerora partaide mota asko zabaltzen joan dena.

Bagera euskara elkarteak martxan jarritako ekimena arin joan zen beste herri eta lurraldetara hedatzen. Gipuzkoan hasi zen hedapena, 90. hamarkadaren bukaeran Bizkaian ere sartu zen eta 2004 urtetik aurrera Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu zen. 1998an egin zen lehen mintzapraktika egitasmoen lehen mintegia Eibarren.

1993: Euskara Elkarteei buruzko jardunaldiak Arrasaten

AED elkartearen 10. urteurrenean, euskara elkarteen mugimendua hazkundean zegoela, jardunaldiak antolatu zituzten Arrasaten, elkarteen jarduera aztertu eta etorkizuna irudikatzen hasteko. Arloz arlo aztertu zituzten jardunaldiotan euskara elkarteen lan-ildoak eta euskalgintzako beste mugimendu batzuekiko harremanak.

Jardunaldi honetan hasi zen hitz egiten, era berean, euskara elkarteen arteko artikulazioari eta euskalgintzako erakundeen arteko elkarlanari buruz. Iñaki Arrutik eta Fernando Muniozgurenek egindako “Euskararen normalizaziorako entitateen arteko elkarlana” ponentzian herriz herri Normalkuntzaindia izena eman zioten guneak sortzeko beharraz aritu ziren.

Jardunaldi hauetako ponentzia guztiak Jazten aldizkariaren 8. eta 9. zenbakietan jaso ziren.

1995

1995: Bilboko Kafe Antzokia

Bilbon sakabanatuta zeuden euskaldunentzako erreferentzia fisiko eta sinboliko bat sortu nahian zabaldu zen 1995ko abenduan Kafe Antzokia. Ekimena Gabriel Aresti euskaltegia eta honi lotuta dagoen Zenbat Gara euskara elkartearena izan zen. Euskara ikasleek euskaltegiko ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko behar dituzten espazioak, aisialdiari lotuak, harreman naturalak euskaraz gara ditzaten gune eta uneak sortzea zen Kafe Antzokiaren sortzaileen asmoa. Gerora hainbat proiektu berriren aterpe izan da Kafe Antzokia (Bilbo Hiria irratia, Erroa argitaletxea, Algara konpartsa edo Kurkuluxetan umegunea, besteak beste).

Euskarazko kulturgintzan erreferentea den proiektu hau eredu izan da gerora Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetan sortu diren antzoki eta bilguneentzat ere. 

1996

1996: Euskara Elkarteen Topagunearen sorrera

1995eko azaroan Bergaran “Euskara Elkarteen Topagunea. Oinarriak” txostena onartu ondoren, euskara elkarteen federazioa sortzeari ekin zioten hainbat elkartek.

Eratze bilkura 1997ko otsailaren 1ean egin zen Durangon eta bertara bildu ziren Euskara Elkarteen Topagunea federazioa sortu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 29 elkarteetako ordezkariak.

Batzar honetan izendatu zen lehen Zuzendaritza Batzordea ere, bederatzi ordezkarik osatutako zuzendaritza, Fernando Muniozguren Eibarko …Eta Kitto! euskara elkarteko ordezkariak gidatua.

Topagunea sortu berritan hasi ziren kulturgintza, komunikabideak, hitzarmengintza eta aisialdiko batzordeak lanean.

1997: Kultur Errota zirkuitua martxan

“Biraka ari den harria, sorkuntzan ari den herria” lelopean abiatu zuen bere ibilbidea Kultur Errotak 1997ko udazkenean.

Euskaltzaleen Topagunea sortu berriaren ikur bihurtu zen egitasmoa hasieratik eta gaur arte biraka jarraitu du euskal sortzaileen lanak herriz herri zabalduz.

Kultur Errotaren xede nagusia euskaraz sortzen den kultura hedatu eta erakustea da, euskara elkarteak dauden herrietan euskarazko kultur adierazpideak ezagutaraztea. Horretarako formatu txikiko emanaldien zirkuitu zabala antolatu zen euskaraz sortzen duten sortzaile ezagun eta ezezagunei beren lanak erakusteko aukera emanez. Urte guzti hauetan milaka emanaldi eskaini dira Kultur Errotaren babesean.

Egitasmo hau izan zen kulturgintza batzordeak martxan jarritako lehena, baina hurrengo urteetan bestelako proposamen berriak ere sortu ziren euskara elkarteetako kultura lantaldeetako kideek osatutako bilgunetik.

1998

1998: Herri Komunikabideei buruzko III. Jardunaldiak Arrasaten

Arrasate Komunikabideak ARKO elkarteak antolatu zituen 1998an herri komunikabideei buruzko III. jardunaldiak. Ordurako lanean hasiak ziren Topagunean bildutako tokian tokiko hedabideetako ordezkariak federazioko komunikabideen batzordean. Batzordearen helburuak ziren euskarazko tokiko hedabideen sektorea indartu eta zabaltze aldera elkarlanean egitasmoak martxan jarri, zerbitzu bateratuak antolatu eta erakundeen aurrean talde ordezkaritza osatzea.

Horrela, azpimarragarria da hasierako urte haietan batez ere zerbitzu bateratuetan emandako urratsak: informatika zerbitzua (zenbait urte iraun zituena) eta diru-laguntzen kudeaketa zentralizatua (gaur egun oraindik ere martxan dagoena), adibidez.

2001

2001: Euskara Elkarteen kudeaketaz jardunaldiak Gernikan

Urtarrilaren 18 eta 19an egin ziren Euskaltzaleen Topagunearen lehen jardunaldiak Gernikako Elai Alai aretoan. Jardunaldi honekin abiatu zen gerora ia urtero-urtero errepikatu den ohitura: mugimenduaren intereseko gaien inguruko gogoetarako jardunaldiak antolatzea. Gaur egun Topaldia izena hartzen du normalean urtarrilean izan ohi den hitzordu honek.

Lehen jardunaldi hartan euskara elkarteen kudeaketa izan zen hizpide eta elkarteen lan-arloen garapena zein elkarteen antolaketaren gainean aritu ziren euskaltzaleen mugimenduko eta bestelako gizarte mugimendu zein enpresa munduko hizlariek.

2003

2003: Asteburuetan.com egitasmoa martxan

Gazte eta nerabeen parte hartzea bultzatzeko lehen egitasmo garrantzitsua izan zen Asteburuetan.com izenekoa. Aisialdian kultur jarduera sustatzeko helburuarekin sortu zen egitasmoak hiru hanka zituen: Gazte Kultur Zirkuitua (kulturgintzarekin lotutako gazteentzako tailerrak eskaintzen ziren zirkutu honetan), Gazte Sortzaileak (gazteentzako erreferenteak bilatzen ziren, kultur sortzaile gazteak bilatuz eta ondoren zirkuituetara bideratuz) eta Gazte Sortzaile Sariak (urtero antolatzen zen gazte sortzaileentzako lehiaketa).

Gazte Sortzaile Sariak ekimenaren baitan bi arlotan lehiaketak antolatu ziren 2004 urtetik aurrera: Euskal Herriko Graffiti lehiaketa eta Ikus-entzunezkoen Rallya. Graffitien lehiaketak Spraikada izena hartu zuen (lehena Mendaron egin zen 2004an) eta sei edizio izan zituen guztira. Ikus-entzunezkoen rallya berriz Kameratoia izenarekin da ezaguna (lehena 2005 urtean Eibarren egindako egun bateko rallya izan zen) eta urtero urtero egiten da gaur egun ere.  

2004

2004: Laburbira film laburren zirkuitua martxan

Euskaraz sortutako film laburrak Euskal Herrian hedatzea izan zen 2004 urtean martxan jarritako film laburren zirkuituaren helburu nagusia. Izan ere, garai hartan euskaraz sortzen ziren film labur batzuk ari ziren lehiaketaz lehiaketako ibilbidea egiten nazioartean, baina Euskal Herrian ikusteko aukerak oso mugatuak ziren. Horregatik urtero sortutako filmeen artean aukeraketa egin eta ordu bete inguruko emanaldia antolatzeari eta herriz herri eskaintzeari ekin zitzaion. Laburbira zirkuituak 2004 hartan hasi zuen ibilbideak ez du etenik izan, gaur egun urteroko hitzordua baita oraindik.

Laburbira eta hurrengo urtean antolatutako Kameratoia, Euskaltzaleen Topaguneak ikus-entzunezkoen arloan egin duen bidearen abiapuntu izan ziren. Izan ere, euskarazko sortzaileak eta sormen lanak ezagutarazteko helburuz beste bi ekimen ere martxan jarri ziren hurrengo urteetan: Durangoko Azokan antolatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen Irudienea plaza eta ikus-entzunezkoen sorkuntza lan berriak bultzatzeko Lekeitioko Zine Bilerarekin batera antolatzen den Benito Ansola lehiaketa.

2006

2006: Bidaide plana, mintzapraktika egitasmoak hedatzeko

2005 urtean “Euskaldun berrien erabilera programak” eskuliburua argitaratu zuen Euskaltzaleen Topaguneak eta urte horretan bertan antolatu zituen “Mintzapraktika egitasmoak: erabilera eragiteko tresna eraginkorrak” jardunaldia Durangon. Azken urteetan mintzalagun egitasmoen hedapena hasita zegoen apurka-apurka Euskal Herri osora heltzen eta bidean jasotako esperientzia metatua baliatu nahi izan zen hedapenari bultzada berri bat emateko.

Hurrengo urtean Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin egindako hitzarmena funtsezkoa izan zen Euskaltzaleen Topaguneak Bidaide plana egiteko, mintzapraktika egitasmoak zabaldu eta sendotzeko plana, hain zuzen ere. Ondoren etorri zen AEKrekin egindako hitzarmena eta hurrengo urteetako hazkunde handia. Urte gutxitan mintzalagun egitasmoak ia Euskal Herri osora hedatu ziren eta 3.600 partaidetik 6.000ra pasa ziren.

2006 urtean bertan hasi zen antolatzen MintzaEguna ere, mintzalagun komunitateko kideen jaia. Urtean behin, maiatza edo ekainean biltzen dira mintzalagunak Euskal Herriko txokoren batean. Lehenengo edizioa Iruñerrian antolatu zen, Iruñea eta Atarrabia artean.

2009

2009: Auzoko egitasmoa martxan

Euskaltzaleen Topaguneak eta UEMAk (udalerri euskaldunen mankomunitateak) partekatzen genuen kezka bati erantzunez hasi zen diseinatzen 2008 urtean herri euskaldunetara heltzen diren etorri berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat. Gerora Auzoko izena hartu zuen programa honek eta herri euskaldunetatik beste batzuetara ere zabaldu zen: etorri berriei harrera egiteko taldeak antolatzen hasi ziren egoera soziolinguistiko ezberdinetako herrietako euskaldun komunitateak. Egun hainbat herritan daude Auzoko taldeak martxan.

Auzoko izan zen Euskaltzaleen Topaguneak  aniztasunaren arloan egindako lehen proposamena. Ondoren sortu dira bestelako egitasmoak: etorri berriak euskarara hurbiltzeko poltsikoko hiztegi txikiak (hiztegitxoak.eus webgunean aurki daitezke 60 hiztegi), eskolatan lantzeko Lingolang aniztasun programa, Zubideiak gizarte elkarrizketak edo udalekin batera egiten diren etorri berrientzako harrera gidak, besteak beste.

2011

2011: I. Kongresua: XXI. mendeko euskaldunon elkarteak

Gogoeta prozesu luze batean sartu zen Topagunea 2010 urteko urtarrilean. Urte horretako urtarrilaren 23an euskara elkarteetako 110 lagun batu ziren Landako gunean “Gogoetan: XXI. mendeko euskara elkarteak” izenburuko jardunaldian. Hitzaldiak eta lan-taldeetako dinamikak tartekatu ziren egitarauan eta ondorio nagusi bat: euskara elkarteen mugimenduan hausnarketa garai bat abiatzea behar-beharrezkoa zen.

Kongresua izan zen hausnarketarako markoa. 2011ko otsailaren 26an Bilboko Alhondegian eginiko  “XXI. mendeko euskaldunon elkarteak” izenburuko Kongresuan onartu zen “Euskaldunon elkarteen oinarriparrak” dokumentua, euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo hamarkadetarako ildo nagusiak zehazten zituen txostena. Dokumentua urte beteko lanaren emaitza izan zen, hausnarketa gidatzeko antolatutako Batzorde Txikiak egindako gogoeta eta euskara elkarteetako ordezkariek eginiko ekarpenen emaitza.

Oinarriparren txostenak zehaztutako lan-ildoek zuzendu dituzte Kongresutik gaur arterako Euskaltzaleen Topagunearen urratsak.

2012

2012: II. Kongresua: federaziotik mugimendura

Oinarriparrek zehaztutako norabidean lanean hasteko, gogoetaren bigarren saioari ekin zitzaion lehen Kongresua amaitu bezain laster. Antolaketa, finantzazioa eta jarduna izan ziren bigarren kongresu honen aztergai nagusiak: mugimenduaren izana eta izena, barne antolaketa, lan boluntario eta profesionalaren uztarketa, barne komunikazioa, komunitatearen sustengua, erakundeekiko harremana edo zerbitzugintza, besteak beste. Oinarriparrei heltzeko prestatu beharra zegoen federazioa eta mugimendua. Azkenik, “Federaziotik mugimendura. Eraldabideak” izenburuko txostenean 19 ondorio nagusitan bildu ziren Topagunearen lehentasunezko eginkizunak.

Kongresuaren ondorioz, lehen erabakietako bat izan zen ordurarte Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa izan zena Euskaltzaleen Topagunea izatea.  

2012: Tokikom toki komunikabideen bateragunearen sorrera

Komunikabideek beti izan dute Topagunearen barruan garrantzi berezia. Toki hedabideek beren eraginagatik, jardueragatik eta tamainagatik (bai ekonomikoki eta baita langile kopuruari begira izan duten garrantziagatik) federazioaren jardueran pisu handia izan dute. Hedabide batzordea izan zen 2012rarte arlo honetan gidaritza lana egin zuena eta Topaguneak aurretik egindako apustu eta ahalegin handienetako batzuk (informatika zerbitzua, edizio sistema bat martxan jartzeko ahalegina, Herri komunikabideak kooperatibaren sorrera, Tokiko telebisten elkartea,…) batzorde honen eskutik etorri dira.

Arlo honen profesionalizazio handiak eta eskatzen duen erritmoak bultzatuta Tokikom toki komunikabideen bateragunea sortu zen 2012 urtean. Sorreran hedabideak kudeatzen dituzten 20 elkartek eta Euskaltzaleen Topaguneak parte hartu zuten. Gaur egun nagusiki tokiko informazioa lantzen duten 60 hedabide kudeatzen dituzte Tokikom bateraguneko bazkideek. Hiru zeregin nagusi ditu Tokikom-ek: toki hedabideen solaskidetza bateratua, jarduera esparru komunen kudeaketa eta sektorearen garapena zein hedapena.

2012: Lehen Topaeguna Azkoitian

Kongresuaren ondoren lehen eginkizun garrantzitsuetako bat izan zen Euskaltzaleen Topagunearentzat mugimenduaren kohesioa eta barne transmisioa lantzea. Horretarako, mugimenduko kideentzako bilgune berriak antolatzeari ekin zitzaion. Lehenengoa Azkoitian egin zen 2012 urtean bertan, maiatzaren 19an. Bi proposamen nagusi egon ziren egun horretarako: euskaltzaleen elkarteentzako 25 egitasmo eredugarri aurkeztea (gehienak mugimendukoan bertan garatuak, baina bestelako mugimendutako batzuk ere) eta jai giroan mugimenduko kideentzako ospakuntzarako tartea hartzea. Lehen topaketa hark Gunea eguna izena hartu zuen, baina hurrengo urteetan Topaeguna izenarekin errepikatu zen.

Topaegunak beste hiru edizio ere izan zituen hurrengo urteetan: Soraluzen, Derion eta Lasarte-Orian.

2015

2015: Berrikasi eta Berrikusi

Gogoeta eta mugimenduaren elikadura lantzea lehentasunezko eginkizun modura zehaztu ziren Euskaltzaleen Topagunearen kongresuetako ondorioen artean. 2013 urtearen hasieran soziolinguistikaren arloan aditu eta arituak diren eta euskaltzaleen mugimendutik gertukoak diren hainbat lagun biltzen hasi ziren. Lan-taldeak dinamika sendotu zuenean Topalabe taldea izena hartu zuen. Euskararen normalizazio prozesuaren gaineko kezka eta hausnarketak partekatzen abiatu zen lan-taldearen dinamika eta 2015 urteko maiatzean argitaratu zuten beren lehen gogoeta partekatua: Berrikasi eta berrikusi dokumentua.

Euskaltzaletasuna ziklo aldaketa batean dagoela defendatu zuen Topalabe taldeak. Ziklo aldaketa horren azterketa egin zuen taldeak Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan, azken hamarkadatako irakurketa kritikoa eginez, batetik, eta ziklo berrirako gakoak izan zitezkeen estrategiak iradokiz, bestetik. Gogoeta hauek euskalgintzan zabaldu eta eztabaidatu ziren hurrengo hilabeteetan.

2018

2018: Euskaraldia

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ariketa soziala egin zen Euskal Herri osoan, euskararen erabilera bultzatuz hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak astintzeko ariketa. Guztira 225.000 lagunek parte hartu zuten ahobizi edo belarriprest rola jokatuz “11 egun euskaraz” ekimenean. Zazpi lurraldetako 405 herritan sortutako batzordeak eta 200 entitatetik gora aritu ziren ekimena tokian tokian hedatuz eta antolatuz. Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri osoko erakudeekin (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoarekin) elkarlanean koordinatuta eta euskalgintzako zein bestelako eremuetako hainbat eragile sustatzailerekin batera bultzatutako ekimen masiboa izan zen lehen Euskaraldia.

Hainbat aurrekari egon ziren Euskaraldiaren aurretik. Aurreko bi urteetan Durangoko Berbarok Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako Euskarak 365 egun ekimena Euskal Herri osora zabaldu zuen 2013an Euskaltzaleen Topaguneak. Helburua euskaltzaleen mugimenduaren urte osoko lana aldarrikatzea eta euskaltzaleek plaza hartzea zuen eta bost urtetan antolatu zen. Hurrengo urratsa izan zen Euskaraldia.

Euskaraldiaren sorrera, era berean, herriz herri hedatzen ari zen aktibazio ekimenen ondorio izan zen. 2015eko ekainean Lutxo Egia bilbotarrak egindako performancea eredu modura hartuz, Donostiako Egia auzoko euskaltzaleek 2016an egindako ekimena Euskal Herriko herri askotara zabalduz joan zen hurrengo urtean: Agurain, Arrigorriaga, Lizarra, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze), Zuia, Deustua, Trapagaran, Lasarte-Oria,… Azken herri honetan sortutako metodologia (ahobizi eta belarriprest roletan oinarritua) izan zen Euskaraldia martxan jartzeko erabilitako abiapuntua.  

HARREMANA

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    66 − 61 =