Euskararen Nafar Kontseiluak hedabideendako diru-laguntzak lehenbailehen berreskuratzea eskatu du

Euskararen Nafar Kontseiluak atzo goizean, ekainaren 30ean, egin zuen 2014ko lehen seihilabeteko bilera. Bertan Euskaltzaleen Topagunearen ordezkaritzak parte hartu zuen eta euskarazko komunikabideen diru laguntzak berreskuratzeko eskaria aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuak 2012. urtean aurrekontutik ezabatu zituen diru-laguntzak errekuperatzeko eskaria.

Nafarroako hedabideen 2008 urteko agerraldia

Nafarroako hedabideen 2008 urteko agerraldia

2014. urteko aurrekontuetan eta datozen urtekoetan ere bai, diru-laguntzak esleitu eta lehenbailehen argitaratzea eskatzen da proposamenean, euskara hutsez aritzen diren komunikabideei lehentasuna emanez. Gainera, euskarazko hedabideek gizartean egiten duten lanarekiko aitorpena behar adinako finantzaketa egonkorrean mamitu dadila eskatu zuten kontseilu-kideek, biziraupena ziurtatzeko eta etorkizun duina bermatzeko. Euskaltzaleen Topaguneak aurkeztutako proposamena onartua izan zen, aldeko 13 boz eta administrazioko ordezkarien 5 abstentzioekin.

Hortaz gain, atzoko bileran hiru batzorde osatzea erabaki zuen kontseiluak: terminologia eta toponimia batzordea, soziolinguistika batzordea; eta, azkenik, helduen euskalduntzearen batzordea.