Aktibista izateko eta komunitategintza egiteko modu ezberdinak hizpide Topaldian

Ermua, 2024/02/02. “Gizarte mugimendua garen heinean, gizarteak aldatzen jarraitu bitartean, gai berriak lantzeko gogoz gaude, beti ere errealitatearen ikuspegi anitzak, ikasketa berriak eta esperientzia baliagarriak eskainiz eta partekatuz”. Hitz horiekin zabaldu dute aurtengo Topaldia Euskaltzaleen Topaguneko kideek jardunaldiaren norabidea agerian utziz.

Euskaltzaleok sareak josten: aktibismoak eta komunitateak izenburupean, jardunaldiak areto bete jende bildu du. Izarra eraikineko (Ermua, Bizkaia) areto nagusian bildutakoen artean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politikarako sailburuorde Miren Dobaran eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi Isaac Amezaga egon dira. Haiek izan dira, Topaguneko lehendakari Irati Iciarrekin batera, jardunaldiari irekiera eman diotenak. Haiekin batera, euskalgintzako hainbat eragile eta Euskal Herriko puntu ezberdinetako euskara elkarteetako ordezkariak ere izan dira.

Kataluniako zein Euskal Herriko esperientziak hurbiletik ezagutzeko aukera izan da Topaldiak eskaini duen elementu nagusia. Abiapuntu horrekin, aktibista izateko zein komunitatea ulertzeko eta egiteko modu ezberdinen inguruan hausnartzeko plaza eta abagunea izan dute bertaratuek.

Jardunaldi osoan zehar, ideia bera agertu da, behin eta berriz: aktibismoa zein komunitatea bezalako kontzeptuak definitzeko eta garatzeko, gizartearen aldaketaz jabetu eta gizartearen ezaugarriak kontuan hartu beharrekoak dira.

Molde berrien beharra
Aktibismoak bete du jardunaldiaren lehen blokea. Topagunean gaiaren inguruan egindako hausnarketak baliatu dituzte abiapuntutzat. “Euskalgintzan aktibismoa presente egon den elementu bat izan da, baina moldatu beharra daukagu etorkizunean izaten jarraitzeko, gehiago eta indartsuago izateko, gehiago eragiteko”, azpimarratu du Topaguneko kide Jon Kobeagak. Horretarako, besteak beste, diskurtso berrien beharra, konpromiso maila ezberdinei bide ematea, harreman berriak egitea eta  aktibismorako aukera  malgu eta moldagarriak eskaintzea aurkeztu ditu gako gisa.

Molde berrietara hurbilpen bat irudikatzen laguntzeko, Plataforma Per la Lleguako Oscar-Adria Ibañezek aktibismoa kudeatzeko Katalunian erabiltzen duten eredua aurkeztu du, aktibistak erakarri eta elikatzeko ereduan azpimarra jarrita.

Aktibismoaren gaia ixteko,  Euskal Herriko esperientzien ekarpena biltzeko, berriz, Korrikako koordinatzaile Ane Elordi (AEK), Euskal Herrian Euskarazeko Ibon Leibar eta Euskaltzaleen Topaguneko Jon Zapata aktibismoaren erronka berrien inguruan aritu dira. Bakoitzak bere esperientziatik hitz egin arren, hizlariek ildo beretsuetan bat egin dute eta, oro har, nabarmendu dituzten erronkak honakoak izan dira: indibidualismoa, likidotasuna eta aniztasuna ezaugarri dituen gizartean aktibismoa sustatu eta bultzatzeko zailtasunak; euskalgintzaren oztopo eta zailtasunak agerian uzteko bitartekoak sortzea; maila diskurtsiboan molde berrien egituratzea; eta hiztun komunitatea ahalduntzeko beharra. “Aktibismoa singularrean beharrean, pluralean ulertzen hasi beharko genuke, forma berriei eta ideia berriei bide emanez”, azpimarratu dute.

 Komunitatea eraikitzen
Euskalgintzaren baitan, komunitategintzaren erronka izan da Topaldiak landutako gai zentraletako bat. Azaroaren 18an Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako kongresuak ere, komunitategintza “hainbat erronka eta proposamen lotzen dituen haria” izatea azaleratu zuen. Hori dela eta, Topaguneko kide Irati Elizaldek eta Onintza Olaizolak gai horren inguruan kongresutik eratorritakoen irakurketa partekatu dute jardunaldian.

Topaguneko bi kideek mugimendu euskaltzalearen “irekidura beharra” nabarmendu dute. “Orain arte baino eragile gehiagorekin partekatu eta konplizitate gehiago eraiki beharra daukagu, eta, aldi berean, hiztun komunitatea trinkotzen jarraitu” azpimarratu du Olaizolak. Bide horretan, ikuspegi aldaketa bat beharrezkotzat jo dute: ikuspegi sistemikoa, intersekzionala eta komunitarioa biltzen dituena. “Hiru ikuspegi horiek lotura zuzena dute komunitateari begiratzeko eta harreman-sareak eraikitzeko moduarekin gure egunerokoan txertatuta, eraldaketa sozialerako proposamen eraginkorrak egiteko gai izango garela uste dugu”, adierazi zuen Elizaldek.

Komunitategintzaren adierazgarri, Euskal Herriko bi proiektu mahairatu ditu Topaldiak, hausnarketarako bide emateko. Gartzen Garaiok Aiaraldeko Faktoriain eta Alazne Arrutik Aginaga Biziberritzen egitasmoan izandako esperientzia partekatu dute. Bi hizlariek komunitatea osatzean, aniztasuna kontuan hartu eta bide ematearen garrantzia azpimarratu dute. Horrekin batera, komunitateak “eraldatzailea” izan behar duela aldarrikatu dute. “Komunitatearen beharrak asetzea jarri dugu erdigunean, eta prozesu horretan, hizkuntza elementu zentrala izan beharrean, euskaratik behar horiek asetzeko modua eskaini diogu herritarrei, modu natural baten jendea komunitate horren parte sentiaraziz”, azaldu du Garaiok.

Topaldiari amaiera emateko, bertaratuek hizlariek emandako gakoei heldu eta hausnarketa eta eztabaidarako tartea izan dute.

Jardunaldian landutako eduki guztiak herritarren esku egongo dira astelehenetik aurrera, topaldia.topagunea.eus webgunean.