Zabalik da 19.Kameratoian izena emateko epea

 

Gai zara 36 ordutan film labur bat egiteko? 18 eta 26 urte bitarteko gazte sortzailea bazara hau da zure lehiaketa! Zabalik da 19. Kameratoian izena emateko epea eta zabalik egongo da urriaren 18ra bitartean.

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko 46. Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen euskarazko ikus-entzunezkoen rally-ak, 19.edizioa ospatuko du urriaren 20tik 22ra bitartean Lekeition. 

Edizio honetan, arrakasta handia lortzen ari den Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) egongo da epaile lanak egiten iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendari bilbotarrarekin batera (Lanbroa). Honetaz gain, izena ematen duzuenok doako soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria (@asier.renteria) soinu ekoizlearen eskutik ostiralean, urriaren 20an arratsaldeko 18etan, Lekeitioko Kultur Etxean, lehiaketa hasi baino lehen.

Formazio saioa eta gero Estibaliz Urresolaren eskutik jakingo da urte honetan landu beharreko gaia eta 36 ordu izango duzue laburmetraia gauzatzeko. Honela, igandean, urriaren 22an, eguerdia baino lehen entregatu beharko dituzue ikus-entzunezkoak.

Esperientzia ahaztezina izateko eta Lekeitiorako bidea errazteko, izena ematen duzuen lehen 20 pertsonentzako ostiraleko gaua (urriaren 20a) DOAN izateko aukera eukiko duzue.

Sariei dagokienez, film labur hoberenak 800 euro irabaziko du eta bigarren hoberenak 350 euro. Gainera biak Topaguneak Durangoko Azokan antolatzen dituen DemaSA lehiaketan sailkatuko dira. Igandean bozketa gehien jasotzen duenak ere Publikoaren Saria irabaziko du.

Info gehiago HEMEN