Urriaren 11an ospatuko da TopaEguna

Hilabete falta da hitzordurako eta aurtengo TopaEgunak badu egitaraua. Derioko Tximintx elkarteko lagunekin eta Txorierri zein inguruko eskualdeetako euskaltzaleen elkarteekin batera ondu dugu aurtengo TopaEgunerako proposamena.

TopaEguna euskaltzaleen topaguneetan, herriz herri antolatutako mugimenduan, parte hartzen duten euskaltzale guztiei dago zuzendua eta aurtengo lemak dioenez, euskaltzaletasunaren alde topa egiteko jai eta truke-eguna da.

Aurten, esperientzien trukerako gunea berreskuratu dugu (hamar esperientziaren berri eman eta jasoko dugu Derion, laster jakinaraziko dugu zeintzuk), elkarteetako gazte euskaltzaleen topaldia antolatu dugu eta iaz bezala, arratsaldean egingo dugu eguneko ekitaldi nagusia.

Jai giro aparta izango dugu, hortaz gain, tartean izango baititugu kale animazioa (herriko musikariak, elektrotxaranga, batukada, kilikiak,…), kultur eskaintza (Zizkamizkak eta Gibelurdinek taldeen kontzertuak, erromeria, dantza eta kantu jira), haurrentzako txokoa (tailerrak, puzgarriak, Irrien Lagunak) eta Derion/Txorierrin egonda ezinbestekoak diren bi hitzordu: txakoli dastaketa eta hilerritik txango gidatua.

 

eskuorria

 

Bazkaria

Eguerdian bazkaria antolatu dugu, urtero modura. Izen ematea urriaren 7a baino lehen egin beharko da, antolakuntza lanak errazteko. Aurten denok batera bazkalduko dugu Derioko frontoien gunean. Bi menu egongo dira: helduena (16 eurotan) eta haurrena (10 eurotan). Lehenbailehen zerrenda osatzen hastea eskertuko genuke. Hortarako, internet bidez egin dezakezue izen-ematea, hemen berton.

 

Loading…

 

Hurrengo asteotan jarraituko dugu aurtengo TopaEgunaren gaineko xehetasunak ematen. Agendan ondo gorde ezazue eguna, lagun artean pasatzeko eta topa egiteko egun ederra izango da eta!

Ein daigun topa!

topaeguna14