Gogoetarako aukera paregabea izan genuen urtarrilaren 29an Durangon, euskaltzale antolatuok kulturgintzan dugun funtzioaren inguruan pentsatu eta jarduteko modu berrien gainean aritzeko aukera. Hitzaldi motibagarriak eta esperientzia interesgarriak izan genituen bertaratutakoek eta hurrengo urtetarako kultur jardueraren oinarri izango diren ardatz asko bertan entzun genituenaren ustearekin itzuli ginen etxera.
Hizkuntzaren eta kulturaren erronkak aletzen hasi genuen goiza eta adibide praktiko zehatzekin bukatu eguna. Tartean, bizipenetan oinarritutako esperientziak, gure kultur komunitatearen kezkak eta batez ere, kultura bizitzeko moduak agertu ziren. Euskaltzaleen elkarte eta topaguneentzat pista berri batzuk, berriro gogoratzea ekartzea komeni den hainbat kontu eta kultur komunitate biziari gure ekarpena egiteko aukerak agertu ziren.
Topaldian bertan parte hartzeko aukerarik izan ez zuen orok bertan landutakoa sarean jarritako bideoen bidez jarraitu dezake jadanik. Laster Topaldiaren webgunean bertan izango dira bideoak eta hizlariek erabilitako aurkezpen euskarriak. Bitartean, Euskaltzaleen Topagunearen Youtube kanalean aurkitu daitezke hitzaldi, solasaldi eta aurkezpenen bideoak.
- Hizkuntza, kultura, elikadura eta sormena Lorea Agirre
- Guk gEUre kulturaz Gotzon Barandiaran
- Zer funtzio du kultugintzak euskararen eta euskaldunon komunitatearen garapenean? Alberto Barandiaranek gidatutako Lorea Agirre eta Gotzon Barandiaranen arteko solasaldia
- Komunitateateateateateateatea… Igor Elortza
- Euskura, euskara eta kultura Zumaian Xabier Azkue
- Azpeitiko Kultur Mahaia Kepa Urbieta
- Astra kulturarako fabrika soziala Gernikan Andrea Aiape eta Ariane Ensunza
- DJak, Lukuren libertimendua eta kulturgintzaren aktore sorta Eneko Barberena
- “Kooltur ostegunak“ ekimena Arrasaten Iker Barandiaran
- “Kultura saretzen” Lasarte-Orian Mari Karmen Ormazabal, Ttakun euskara elkartea
- Bertsolaritzaren transmisioa Lapurdin. (Talde) identitatea eraikiz euskaratik eta euskaraz Miren Artetxe
Topaldiaren ondoren badago egitekoa, badago zer hausnartua eta batez ere, badugu lana gure kultur jardueraren norabidea berrikusi eta lantzen. Ari gara eta ongi etorriak izango dira hemendik aurrera jasotzen diren ekarpen eta iritziak ere. Momentuz, sarean ikusi izan ditugun erreferentzia batzuk ekarri ditugu hona:
“Bete ahala hustuz doan botila” Berria egunkarian Iñigo Astizek egindako Topaldiko solasaldiaren kronika
Parte hartzea eta partaidetza: parte hartu eta parte izan Allartean blogean Lorea Agirreren hitzalditik tiraka egindako partaidetzari buruzko hausnarketa
Topaldian gozatu Mikel Irizarrek Topaldiaren biharamunean blogean idatzitako apunte laburra
Kultur-saltzan jardutearen plazerra Iban Arantzabalek blogean egindako hausnarketa, Eneko Barberenaren hitzaldia eta Antton Lukuren aipu batetik abiatuta
Bainak eta patatak… eta urdaiazpikoa zer? Eneko Barberenak Topaldiaren aurretik blogean idatzitakoa
Oztopoekin, baina aurrera Emun-en Kulturagara blogean egindako Topaldiaren kronika
Eta azkenik, opari txiki bat: kulturgile eta kulturzale artean izanik, bazkaldu ondoren, kultur sortzaileekin gozatzeko aukera izan genuen Topaldian. Fado gurea emanaldia eskaini zuten Arianne Unamuno eta Domentx Uzinek. Euskal kantagintzan fadoak izan duen presentzia ekarri zuten gogora: fadoa agertzen den euskal kantuak, euskal kantariek kantatutako fadoak eta baita euskarara ekarritako fado bat ere, guztira sei kantu egin zituzten eta tarte zoragarria eskaini. Horra kantatu zuten azken kantua: