Nabari zen Mintza Eguna  hala izango zela, ederra, Euskal Herri osotik etorritako Mintzalagunak autobusetatik jaitsi  orduko. “MintzaPoza” paineluak jantzita, harro, Gaztelu Zahar abesbatzaren ongietorri goxoa jaso orduko.  

Harro gaude bi urteren ostean elkartu eta mingainari lotsa gabe eragin geniolako, bidelagun eta bidelariek  euskaraz aritzeko deia lau haizetara zabaldu genuelako. Mintzalagunek eta euskaltzaleek elkarrekin jarri genuelako dantzan Hendaia. Bazkari, bertso, dantza, kontzertu eta kantu artean harremanak estutu eta berriak sortu genituelako. Euskaraz bizi nahi dugulako elkartu ginen.

Euskaraz hitz egiteko hasi ginen Mintzapraktikan. Euskaraz gainditu genituen lotsak eta MintzaPoza probatu genuen. Eta euskaraz gozatzen dugu orain. Datorren urtean ere elkartuko gara mintza taldeetan, herriz-herri, auzoz-auzo. Euskaraz ondo pasatzen segituko dugu eta elkarrekin emango dugu kalean, etxean zein lanean euskaraz mintzatzen hasteko pausoa.  

Besarkada bero bat  Hendaian saltsan ibili zinetenen Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide, Solaslagun eta Solaskide guztiei. Mundialak zarete! Mintza Egunaren berri zabaltzen lagundu diguzuenei, berriz, eskerrak bidelagun finak izatearren.

Datorren urtean ere izango dugu zer ospatu. Bitartean jarraitu dezagun Mintzalagunon sarea josten!