Puntako emanaldiak aurten ere Udagoieneko Osteran

Udagoieneko-Ostera2_webMursego, Kalakan, Hutsa, Demode Quartet, Benito Lertxundi, Libe, Sorkun eta Oreka Tx dira aurtengo Udagoieneko Osteran arituko diren artistak.

Aurtengo Udagoieneko Ostera Gernikan hasiko da azaroaren 5ean eta errenkadan bisitatuko ditu Balmaseda, Muskiz, Bilbo eta Leioa, azaroaren 27ra bitarte.

Gaur izan da, hain zuzen, aurtengo kultur zirkuituaren aurkezpena, Bilbon. Bertan izan dira Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria, Jasone Mendizabal; Udagoieneko Osterako programazio arduraduna, Aritza Escandon; Aldundiko euskara eta kultura diputatu, Lorea Bilbao eta Ana de Castro, Aldundiko euskara sustapenerako zuzendaria.

Aurtengo zirkuitua ere erritmo anitzez gainezka dator, kultura maite duten euskaltzaleei zapore goxoa uzteko moduko eskaintzaz: Mursego, Kalakan, Hutsa, Demode
Quartet, Benito Lertxundi, Libe, Sorkun eta Oreka Tx dira aurtengo zirkuituan arituko diren artistak.
Azaroan zehar, beraz, bost ikuskizun izango dira Bizkaiko bost aretotan; astero euskarazko puntako ikuskizun batez gozatzeko aukera. Eta, horrez gain, iazko arrakasta ikusirik, Gernikan eta Bilbon solasaldi bana ere antolatu da, bertoko euskaltzaleen elkarteen eta hedabideen eskutik. Solasaldi hauen helburua da zaleei sortzaileekin zuzenean hitz egiteko aukera zabaltzea eta, bide batez, euskaltzaleen mugimendura gerturatzeko atea parez pare zabaltzea.
Musikaren eta antzerkiaren bueltan gozaraztea da Udagoieneko Osteraren helburua. Euskaltzaleen arteko harremanak artez, sormenez eta gozamenez, gertutik goxatzea.

Aurreko edizioan bezala, Bizkaiko Kultur zirkuituaren XVI.edizioa Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Programazioari buruzko xehetasunak eta beste: Udagoieneko Ostera