Nola eragin haur eta nerabeek euskaraz egin dezaten jardunaldia Elgoibarren

Haurren eta nerabeen euskararen erabilera areagotzeko klabeak aztertzeko jardunaldia antolatu du Elgoibarko Izarrak, Udalarekin propio sinatu duen hitzarmenaren bidez finantzatuta. Azaroaren 28an izango da, goizez, eta Euskal Herriko hainbat adituk hartuko dute parte. Elgoibarko IMH ikastetxean izango da, goizeko 09:00etatik aurrera. Azaroaren 17ra arte eman daiteke izena.

 

elgizarra_jardunaldiakZer egin dezakegu Elgoibarko eta Euskal Herriko haurrek eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten? Euskararen erabileraren gaineko kezka ez da berria gure herrian. Euskaraz dakiten haurren eta nerabeen portzentajeek etengabe gora egiten badute ere, erabilera-datuekin ez da gauza bera gertatzen. Desoreka nabarmena dago dakiten eta egiten dutenaren artean.

 

Elgoibarko Izarrak, Udalak eta herriko ikastetxeek, beste elkarte eta eragile batzuekin batera, urte asko daramatzagu lanean herriko haurrek eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten. Haien hizkuntza-ohituretan eragitea da gure helburua, baina horretarako estrategia argiak behar ditugu. Estrategia horiek finkatzen hasteko prestatu dugu azaroko jardunaldia.

 

Azaroaren 28ko jardunaldian eskola orduz kanpoko jardueretan zentratuko gara, batez ere, eta haurrekin eta nerabeekin lotura zuzena duten sektore batzuk aukeratu ditugu; sektore horietatik zer egin daitekeen aztertuko dugu. Zein da Udalen zeregina haur eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten? Zer egin daiteke kirol elkarteetatik? Zer egin daiteke kulturaren mundutik? Zein da gurasoen papera seme-alabak euskalduntzeko prozesuan? Sektore bakoitzari aditu batek helduko dio, eta orain arteko lanari segida emateko klabe batzuk jasotzea da antolatzaileon helburua.

 

Ez dugu jardunaldia adituentzat edo teknikarientzat bakarrik prestatu. Haurrekin eta nerabeekin harremanetan dauden agente eta eragile guztiak izan ditugu kontuan, eta denak gonbidatu nahi ditugu: kirol elkarteak, kultur elkarteak, guraso elkarteak, ikastetxeak, euskara-teknikariak … Izan ere, haurren eta gazteen hizkuntza-ohiturak ez dira berez sortzen edo aldatzen, eta denoi komeni zaigula jakitea zer egin dezakegun etorkizuneko haurrak eta nerabeak euskaraz bizi daitezen.

 

Egitaraua

08:45-09:00  Akreditazioa eta dokumentazioa

09:00- 09:10 Ongi-etorria

09:15-09:25  Jardunaldiaren aurkezpena

09:30-09:55  Gure haur eta nerabeak euskaldunak al dira? Kike Amonarriz

10:00-10:10  Zer uste dute gure haur eta nerabeek? Ikusentzunezkoa

10:15-10:40  Erabileraren ontzia bete. Iñaki Eizmendi

10:45-11:10  ATSEDENA

11:15-11:40  Kirola oinarritik euskaraz. Koikili Lertxundi

11:45-12:10  Euskal kulturatik bizipoza saretzera. Jose Mari Agirretxe “Porrotx”

12:15-12:40  Etxetik plazara. Lorea Agirre

12:45-13:10  Zer eta nola egin Udaletik? Iñaki Arruti

13:15-13:40  GUREAN BAI proiektuaren aurkezpena. Naiara Martin

13:45-14:00  Sinadura ekitaldia eta agurra

 

Jardunaldian parte hartzea doanekoa da, baina aurrez eman behar da izena Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topagunean  edo ondoko loturan.

elgizarra_jardunaldiak_gonb