Mintzalagun egitasmoak sendotzeko hitzarmena sinatu dugu AEK eta Maramararekin

Mintzalagun egitasmoak indartu eta parte hartzaileak euskaldunen mugimenduan txertatzeko, hitzarmena sinatu dugu AEK eta maramara* taldearekin. Azken honek, online aritzeko Mintzanet egitasmoa kudeatzen du.

Hitzarmenaren aurkezpenean, euskararen alde alea jarri nahi duten euskaldunei egitasmoetan parte hartzeko deia luzatu diegu. Gero eta gehiago dira euskara praktikatzeko beharrez izena ematen duten lagunak, eta hauekin batera ariko diren kideen premia dago.

Mintzalagun egitasmoek sare euskaldunak indartzen dituzte: harreman berriak egiten dira, tokiko euskaldunak biltzen dira eta kide berriak saretzen dira herriko mugimenduan. Bide horretan, laguntzeko izena ematen dutenek asko jasotzen dute bueltan, aitortzen dutenez, haientzat ere euskaraz bizitzeko aukera biderkatzen delako.Hitzarmena argazkia

Aurrez aurre zein online mintzalagun izan nahi duenak, aukera du oraindik. Horretarako, bi modu daude: tokian tokiko euskara elkarte, euskaltegi eta euskara zerbitzuetara jo; edo bertan dagoen izen emate fitxa bete.

Astean ordubeteko ekarpena eginda, euskaraz bizitzeko bidean aurrerapauso handiak emango ditugu.