Loreak, Bingen eta Joxean´s Hil Eben film luzeak aurtengo Irudienean

Irudienean, Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen plazan, guztira, 35 proiektu aurkeztuko dira, abenduaren 5etik 8ra.

Lau egunetan zehar adin eta interes orotako ikusleei zuzendutako egitarau oparoa eskainiko da Durangoko Zugaza zineman. Film gehienen aurkezpenetan, bertan izango dira sortzaileak, ikusleekin batera euren lanen inguruan hausnartu eta sakontzeko. Irudienea

poster-loreak-212x300Hitzordu nagusietakoei dagokionez, berriki jakin izan dugu aurtengo euskal film luze arrakastatsuenetariko bat, Loreak hain zuzen ere, Irudienean parte hartuko duela. Gainera, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak bertan egongo direla euren lana aurkezteko. Aukera paregabea izango da, azkenaldian guztion ahotan dagoen lan honen inguruan bere sortzaileein batera solasteko. Fikziozko film luzeen eskaintza osatuz, Ander Odriozolaren Bingen komediazko filma, eta Joxean’s Hil Eben zombi film dibertigarria ditugu.   

Dokumentalen eskaintza, inoiz baino zabalagoa izango da. Lau egunetan, askotariko gaien inguruan hausnartuko dira Irudienean; basogintzaz, elikadura burujabetzaz, heriotzaz, militantzia eta horizontaltasunaz, kultura ondareaz, Adarrots eta Big Boy taldeen musikaz, edota Bizkaiko gazteen errealitateaz arituko gara. Atal honetan estreinaldi bat ere izango da; Xalbador, Izana eta Izena Hego Euskal Herrian proiektatuko baita lehen aldiz, eta Eneko Dorronsoro zuzendaria bertan izango da bere lanaren aurkezpena egiteko.

Etxeko txikienek ere badute zer ikusi Irudienean: Dragoi Bola Z, Gazte harrigarria, T.S. Spivet, Tarzan film luzeak edota Martina film laburra, hain zuzen ere. Honez gain, abenduaren 4an bikoizketa tailerrak eskainiko dira goiz osoan zehar.

Eta zineaz dosi txikietan gozatzea atsegin dutenentzat ere, tartea badago Durangoko Azokako Ikus-entzunezkoen plazan. Laburbira, bi egunetan, abenduaren 6an eta 7an banatu da. Larunbatean, arratsaldeko saioan, eta igandean, abenduaren 7an, film laburrak protagonista nagusiak izango dira goiz osoan zehar.

koloretan_zutikakoaBaina hau ez da izango film laburren tarte bakarra Irdienean. Izan ere, bigarrenez, Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya Irudienearen baitan antolatuko da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa da Kameratoia eta parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte film laburra sortu eta aurkezteko. Lehiaketan izena emateko epea oraindik ere zabalik dago (azaroaren 28an itxi egingo da). Abenduaren 6an parte hartzaileei aurtengo gaia eta ezaugarriak jakinaraziko zaizkie, eta orduan hasiko da taldekideen erlojuaren aurkako lehia. Abenduaren 8an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, lan guztiak ikusgai izango dira Durangoko Zugaza zineman, eta ondoren sari banaketa izango da. Ohiko hiru sariez gain (600€, 900€ eta 1.200€ ), lehen aldiz, euskaltzaleen elkarteen izenean parte hartzen duten gazte taldeentzako sari berezia egongo da (500€ elkartearen egitasmo baterako). Azkenik, Kameratoiak aurten 10 edizio betetzen dituela ospatuko dugu txanpain apur batekin topa egineaz. Dudarik gabe, itxiera ezinhobea izango da, lau egunetan zehar Irudienean ospatuko den zinearen festarentzat.

Egitarau osoa, filmei buruzko informazioa, trailerrak eta abarrekoak Irudienearen webgunean aurkituko duzue. Aukeratu zuen gustoko hitzorduak eta zatozte zinemara!