Laburbira zuenean antolatu nahi?

Laburbira, film laburren zirkuitua, Euskal Herriko areto eta antzokietara helduko da berriz ere. Aurtengo edizioa martxoaren 14tik apirilaren 16ra bitartean izango da, eta emanaldiak eskatzeko epea zabalik dago jada.

10Zazpi film labur izango dira Laburbiran, guztira ordu eta laurdeneko saioan. Hautatutako film gehienak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan dira, eta zazpigarrena Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteak sortutakoa da, euskaldun berriekiko sentsibilizazioa bultzatzeko (Euskaldun berriaren esketxa). Filmeen artean daude Kameratoia gazteen rallyko irabazlea (Plaza bakarra) eta Benito Ansola Sariarekin ekoiztutakoa (Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa). Hona hemen zerrenda:

  • Abuztua (Pello Gutierrez)
  • Aio (Asier Sustaeta)
  • Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti, Loramendi elkartea)
  • Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Maider Fernandez, Maria Elorza, Aitor Gametxo)
  • Marylin (Iñaki Beraetxe)
  • Plaza bakarra (Mediaworks 3.0)
  • Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre)

Aurreko urteetan bezala, sortzaile batekin solasaldia izateko aukera egongo da. Laburbira zuen herrian antolatu nahi baduzue, idatzi mezu bat arrate@topagunea.org helbidera. Eskariak egiteko epea otsailaren 7an bukatuko da.