Kalean da Hitz Machine, Euskarriak proiektuko hiztegi-makina

Donostiako Autobus geltokian jarri berri dute HITZ MACHINE, euskarazko eta beste 50 hizkuntzetako hiztegitxoak inprimatzen dituen hiztegi-makina. Bagera elkarteak eta Donostia 2016k elkarrekin aurrera daramaten eusKarriak proiektuaren baitan jaio zen egitasmo hau, eta Hirikilabsen instalazioetan herritar talde batek diseinatu eta garatu du makina hiru hilabetean, M-Etxea kolektiboko bi kideren gidaritzapean. Hiztegietarako datu-basea Topaguneak sortutako Hiztegitxoei esker osatu ahal izan da.

Hitz machine izena jarri diote bere sortzaileek asmakizun honi. Izan ere, makina bat da, 2 metro luze eta metro erdi pasatxoko zabalera duen tramankulu bat. Egurrez egina dago, eta pantaila bat dauka hiztegitxoen aukera guztiekin. Botoi batzuen bitartez hizkuntza sakatutakoan hiztegia inprimatu, QR kodearen bitartez deskargatu edo zori-esatariaren jokoa inprimatzeko aukera ematen du. Inprimatzea sakatuz gero, segundo batzuen buruan makinaren zulo batetik irteten da bi aldetatik inprimatutako DIN A4 tamainako folioa. Folioak azalpenak eta marratxo etenak ditu norberak tolestu eta hiztegitxoa prest izateko.

hiztegi_makinaHau guztia, esan bezala, herritar talde baten lanari esker sortu da. Bagera eta Donostia 2016ren urtarrileko deialdiari hamaika lagunek erantzun zion, eta hiru hilabetean zehar jo eta ke lanean aritu dira hiztegi-makina garatzeko. Taldea alor anitzetatik zetorren jendeak osatu du: informatikoek, itzultzaileek, diseinatzaileek, hizkuntzalariek, unibertsitateko ikasleek… eta baita M-Etxea kolektiboko bi arkitektok ere. Hauek dira lanean aritu diren boluntarioak: Aizpea Babaze Aizpurua, Jon Alkorta Agirrezabala, Jon Ander Campos Tejedor, June Díaz Bragado, Lierni Goya Urigain, Manex Agirrezabal Zabaleta, Mari Susperregi Indakoetxea, Miren Izagirre Muguruza, Nagore Goñi Arana, Pello Aranburu Mujika eta Xabier Linazisoro Lizaso.

Denen artean makina sortzeko fase guztiei egin diete aurre: makinaren ezaugarriak eta funtzioak erabaki dituzte, bere egitura zein itxura diseinatu dute, hiztegitxoak eta zori-esatarien jokoa diseinatu dituzte, softwarea sortu dute, makina eraiki eta funtzionamenduan jarri dute…

Hori dena egiteko hiru hilabete inguru behar izan dute, hasieran aurreikusitakoa baino dezente gehiago. Izan ere, xehetasunik txikienari ere soluzioak bilatzea ez da erronka makala.

Lan horren emaitza kalean da orain eta edonork jaso ahal izango du fruitua, HITZ MACHINE -n hiztegitxo bat inprimatuz. Hiztegitxo horretan alde batean euskarazko hitzak eta esaldi motzak egonen dira, eta beste aldean, norberak aukeratutako hizkuntzaren baliokideak. 51 hizkuntza jasotzen dira osotara hiztegitxoetan, eta Europako hizkuntza zabalduenez gain, badira beste hainbat hizkuntza ere, tartean, kitxua, sardiniera, amazigera, wolofa, galiziera edota urdua. Hizkuntzen eta hiztunen arteko ezagutza eta harremanak sortzeko tresna bikainak, dudarik gabe.

hitzmachine2