Irakurri, gozatu eta oparitu, hirugarrenez

Irakurri, gozatu eta oparitu kartelaTopaguneak eta euskara elkarteek Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bezperan. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa, Hego Euskal Herriko 21 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

1. Irakurri
Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.
Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, 100 liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri, Uxue Alberdik prestatutako zerrenda, zenbait liburutegitako arduradunek egindako proposamenak bateratuz. Oraingoan ere, ehun liburuetatik 90 berberak izango dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera, tokian tokiko euskara elkarteak aukeratutakoak, hain zuzen ere.

2. Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, noski, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3. Oparitu
Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa euskara elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:

  • Euskara elkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Aurrekoetan bezala, egitasmoak bere webgune propioa dauka aurten ere. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak, eta gainera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Horrela, irakurleek aukera izango dute aukeratutako liburuen inguruko iritzi trukea egiteko. Hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri: www.topagunea.org/irakurri

Hasiera, Liburuaren Egunean
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 24an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.

Esan bezala, 21 Euskara Elkartek hartuko dute parte aurtengo edizioan, iaz baino lau gehiago:
Araban: Basalarrina (Laudio)
Bizkaian: Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria), Berbaro (Durango), Euskal Birusa (Ermua), Euskarabila (Basauri), Gurien Bai (Iurreta), Uhagon (Markina), Eixu (Zaldibar), Berrizko Udala
Gipuzkoan: AEDTxatxilipurdi (Arrasate), Galtzaundi (Tolosa), Maxixatzen (Azkoitia), Zuhatza (Deba), Goierriko Euskal Eskola-Lazkao, Hitzaro (Ordizia)
Nafarroan: Aizpea (Irurtzun), Garean (Lizarra), Kima (Altsasu), Karrikaluze (Atarrabia)