Ipuin klasiko bat argitaratuko du Dobera elkarteak

logo_doberaHernaniko Dobera Euskara Elkarteak ipuin bat argitaratuko du martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran. Artzain batek neguarekin duen harremana du hizpide ipuin honek. Bai Euskal Herrian eta bai Italian ezaguna den ipuina da, eta bi bertsio horietan oinarrituta ari dira eraikitzen ipuin berria; beti ere, euskal kontalarien modura kontatuta.

Ipuina lantzen ari dira Juan Karlos Alonso, haur psikologian espezializatuarekin, eta baita Lahar Elkargoaren (Esku-hartze psikosozialerako elkartea) bi psikologorekin. Bestalde, Hernaniko Zahar Egoitzan, bi egoilarrekin ere landu dute ipuina eta balorazioa oso positiboa izan da.

Ipuina kalitate onean argitaratuko da, azal eta orri lodiekin, irudiekin… Ale bakoitzaren prezioak 17 euro ingurukoa izango dela aurreikusten da, eta ipuina argitaratzeak, beraz, 3.000 eurotik gorako kostua izan du.

Horri aurre egiteko, ekarpen kanpaina bat jarri dute martxan: 20na euroko partizipazioak atera dituzte, eta partizipazioa erosten duenak bi eskubide izango ditu: batetik, alea eskuratuko du (tirada mugatua izango da zorrik ez sortzeko, eta baliteke ahitzea); eta bestetik, izen, lelo edo legendaren bat jarri ahal izango du “laguntzaileen” atalean. Partizipazioa eros dezake norbanakoak edo talde batek.

Bertan parte hartu nahi izanez gero, harremanetan jartzeko bideak hauek dira:

  • Telefonoa: 943 33 27 99
  • Helbidea: Larramendi 11, behea
  • Eposta: dobera@dobera.eus