Haurrei zuzendutako Ikusi eta Ikasi programa martxan Bilbon

Hamahirugarrenez abiatuko da datorren astean Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailarekin batera antolatzen dugun Ikusi eta Ikasi egitasmoa, bi eta zortzi urte bitarteko umeei zuzendutako zirkuitua.

ikusietaikasi_2017_prentsaurrekoa

Bilboko udaleko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak aurkezpen prentsaurrekoan

Ekimen honen helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.Hamahirugarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: Antzerkia, magia, musika, dantzak, pailazoak, zirkoa, txotxongiloak, ipuin-kontalariak eta sabeliztuna; gainera, tailerrak, esate baterako, sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelarren tailerrak. Aurten ere gurasoei orientabideak emateko hitzaldiak izango dira, seme-alabei eskoletako lanak egiten laguntzen jakiteko eta emozioak kudeatzen ikasteko.

Programa datorren astelehenean, urtarrilak 16, hasiko da eta apirilaren 5era arte iraungo du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten 66 jarduera garatuko dira Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Santutxuko, eta Zorrotzako udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock aretoetan, Abusuko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan. Gero eta areto gehiagotara zabaltzen ari da Ikusi eta Ikasi programa urtetik urtera, eta jadanik hiriko auzo gehienetara heltzen da programaren eskaintza.

Ahalegin handia egin da haur eta familien artean oso harrera ona duen “Ikusi eta Ikasi” programaren kalitatea hobetzeko. Edizio honetan guztira 31 ikuskizun, 28 tailer eta gurasoentzako 7 hitzaldi egongo dira.

Iazko edizioan 6500 pertsonatik gora izan ziren parte-hartzaileak

Ikusi eta Ikasi programak 13 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian. Iazko edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6505 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten.