Euskarazko liburuen truke azoka, aurkezpena

 

Aurtengo apirilaren 25ean arrakastaz mustu zuen Kima euskara taldeak ekimen berri bat: euskarazko liburuen truke azokarekin Kimak altsasuarren artean euskarazko liburuen irakurketa bultzatu nahi zuen. Makina bat liburu trukatu ziren orduko hartan, gero irakurriko zirenak (hala pentsatu nahi dugu).

 Liburu truke azoka beraz hori izan zen: euskaraz idatzitako liburuak dohainik lortzeko aukerarekin batera. Baina ez hori bakarrik. Topaketa bat ere izan zen. Bildu ziren euskaldunek elkarri liburuen eta idazleen berri eman zioten. Iritziak trukatzeko toki ederra izan zen.

 Arrakastaren ondorioz, Kima euskara taldeak Euskarazko liburuen truke azokaren bigarren edizioa antolatzea erabaki du. Azaroaren 21ean izanen da, domekarekin, 12:00etatik 14:00etara. Foru plazan izanen da. Eguraldiak lagunduko ez balu Gure Etxea eraikineko beheko sotoan eginen litzateke.

 Euskarazko liburu azokan parte hartzeko honakoa egin behar du: etxeko apalategi eta liburutegietan begiratzea. Euskarazko liburuen artean bat (edo nahi dituzten guztiak) aukeratu. Truke azokarako liburua(k) aukeratu ondoren haiek honako tokietara eraman beharko dira: Iortia kultur gunean, Itsasi euskaltegian, LHko institutuan, Kangu Udal Ludotekan, Iñigo Aritza ikastolan edo Zelandi eskola publikoan.

 Han liburua eman eta trukean txartel bat jasoko du emaileak. Berdin da zenbat liburu ematen diren, beti txartel bakarra jasoko da. Liburuak hilaren azaroaren 19ko eguerdira arte jasoko dira. Domekan azokara agertu eta altsasuarrek emandako liburu guztiak mahaitan ikusgai egonen dira. Liburu artean arakatu eta gogoena aukeratu ondoren, jasotako txartela liburuagatik trukatuko du, literatur lana etxera eramanez. Txartel bakoitzeko liburu bat eramanen da.

 Argi izan txartelak liburu bat eramateko aukera ematen duela, nahiz eta aurretik liburu gehiago eman. Jendeak liburu bat, hiru edo hamaika liburu utzita ere txartel bakarra jaso du. Truke azoka despeditu eta gero libururen bat soberan geldituz gero, altsasuar berrien artean banatuko ditugu, familia horiek euskarazko gutxieneko liburutegi bat izan dezaten.

Kima euskara taldeak gonbitea egiten die altsasuarrei liburutegia berritu eta egile berriak ezagutzeko aukera aparta hau ez galtzeko.

 Literatura gehiago

Azokarena ez da Kima euskara taldeak euskal literaturarekin lotuta antolatzen duen ekimen bakarra. Testu bazka ere hor dago, hirugarren ikasturtea beteko duena. Hileko azken asteazkenetan dago hitzordua jarrita: azaroaren 24an, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan). Testu bazkako topaketetan idazle baten testu labur bat da saioaren ardatza. Testua irakurri eta gero, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, auzolanean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura, hitz joskera, esanahi bikoitzak eta beste ateratzen saiatzen gara. Azaroko saioan Joseba Sarrionaindiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburura ezagutzeko bidea emanen du.

Kima euskara taldeak gonbite bikoitza bidali nahi die euskaltzaleei: euskarazko liburuen truke azokan parte hartzeko, batetik, eta, bestetik, Testu bazkara joateko. Azkenik, euskarazko liburuen truke azoka posible egin dutenei eskerrak eman nahi dizkiegu: Altsasuko Udala, Sakanako AEK, LHko institutua, Kangu Udal Ludoteka, Zelandi eskola publikoa, Iñigo Aritza ikastola eta Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzua. Batean eta bestean elkar ikusiko dugulakoan, adeitasunez agurtzen da

 

Kima euskara taldea

Altsasun, 2010eko azaroaren 12an

www.altsasukokima.com

Laguntzaileak:

Sakanako AEK, LHko institutua, Zelandi eskola publikoa, Iñigo Aritza ikastola, Kangu Udal Ludoteka, Sakanako Mankomunitateko Euskara eta Immigrazio Zerbitzuak, Altsasuko Udala eta Euskarabidea.