Euskarak 365 egun: pauso bat aurrera!

365_kartela_600x836Abenduaren 3a Eusko Ikaskuntzak izendatu zuen Euskararen Nazioarteko Egun 1959an. Gerora, 1995an, Euskaltzaindia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez instituzionalizatu zen eguna.

Euskaltzaleen egun modura aldarrikatzen dugu abenduaren 3a, ospakuntzarako eta aldarrikapenerako eguna da. Euskarak 365 egun ditu, euskaltzaleen mugimenduak ondo daki hori, urte osoan zehar egiten duen lanak erakusten duen modura.

Horregatik, beste urte batez jarri dugu martxan Euskarak 365 egun ekimena. Eta aurten gainera, pauso bat aurrera emateko helburuarekin abiatu dugu ekimena, urte osora zabaltzeko eta euskararen alde agertzetik, urrats praktiko eta sendoak ematera joateko borondatearekin. Herritarrak nahi ditugu protagonista, eta ondoko galdera luzatu nahi diegu: zer erronka dago zure herrian euskarak pauso bat aurrera eman dezan?

Aurten ere, herriz herri euskaltzaleen elkarteek eta herriko euskalgintzako eragileek antolatutako ekitaldiak izango dira, baina hortaz gain, herritarren erronka eta proposamenak jaso nahi ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak egin ahal izateko.
Bota zuen proposamenak sare sozialen bidez eta guk erronka guzti horiek bilduko ditugu.

Ekimenaren baitan Euskal Herriko hainbat herritan hurrengo egunetan egingo diren ekitaldietan mezu bateratu bat irakurriko da, pauso bat aurrera izenburua duen mezua.

Euskaltzaleok plazara irten eta kalea hartzera deitzen ditugu berriro ere, kalean euskaraz bizi eta euskaltzaletasuna aldarrikatzera, euskaraz bizi nahi duen herria ikustaraztera.