Euskaltzaleen Topaguneak “Gero eta aldeko gehiago gizartean” ikerketa aurkeztuko du apirilaren 17ko jardunaldian

Euskaltzaleen Topaguneak azken bi urteetan egin duen ikerketa aurkeztuko du apirilaren 17an, Iruñeko Kondestable Jauregian. Nafarroako gizartean euskararen aldekotasuna handitzeko diskurtso berriak eta argudioak aurkeztuko ditu Topaguneak. “Aurkeztuko ditugun horiek ez datoz bestelako kontakizunak ordezkatzera, osatzera baizik”, azaldu du Nafarroako Topaguneko zuzendaria den Oskar Zapatak.

Euskaltzaleen Topagunearen helburu estrategikoetako bat da etorkizunean Nafarroako biztanleriaren gehiengoa euskara indarberritzeko prozesuaren alde egotea; hortaz, euskararen aldeko jarrerak eta aukerak sustatzen ditu gizartean. Ordea, 2016an eta 2021ean egindako azken bi inkesta soziolinguistikoetan datu “kezkagarriak” ageri ziren Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan.

2016an jaso ziren datuen bidetik, azkenekoan, 2021ean egindakoan, % 30 alde agertu zen, %33 ez  alde ez kontra, eta %37 kontra deklaratu zen. “Kezka horretan oinarriturik, erabaki kontziente baten ondorioz, 2021ean hasi ginen lanean”, adierazi du Zapatak. Helburua azpimarratu nahi izan du  zuzendariak: Etorkizun hurbil ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitu  eta babes ditzaten”. 

Esan bezala, 2021ean hasi zen Euskaltzaleen Topagunea lanean giza talde baten eraketarekin, “Topagunearekin  batera gogoetak partekatzeko eta proposamenak egiteko”. Taldearen asmoen artean, euskara  sustatzeko jardunbide egokien inguruan argudioak sortzea, errealitate soziolinguistikoan eragitea  edota aliatuen sarea handitzea zeuden, besteak beste. “Ekarpen itzela egin dute taldekideek,  zintzotasun osoz eta aho bizarrik gabe”, nabarmendu du Zapatak. Behin ariketa hori eginda, taldeak  diagnosia partekatu zuen, gatazka nagusiak non diren identifikatzeko; prozesu luze baten ondoren,  taldearen izaerari begira zeintzuk ziren ekarpena egiteko hurbilenak eta interesgarrienak adostu  ziren: Hezkuntzan, Komunitatean eta Nazio identitateen talkan aritzea erabaki zen. 

Horren ondorioz, 2021eko udazkenean jardunaldi ireki bat egin zen, non 100 lagunek parte hartu  zuten ekarpenak eginez. Kontraste foroak ere gauzatu dira ikerketan, bai euskaltzaleekin baita erdaldunekin ere. “Helburua aliantzak jostea bada, ekarpenak ahots ezberdinetatik iritsi behar  dira”, azaldu du Zapatak. Iaz, ikerketa eragile sozial ezberdinekin partekatu zen, uztak eman duen  fruituen berri emateko. “Ikerketa luze hau praktika egokiak ezartzeko eta kontakizunak  eraikitzeko baliagarria izanen da”, gehitu du Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak.

Ahots heterogeneoak jardunaldian

Proposamena apirilaren 17an Iruñeko Kondestablearen Jauregian eginen diren jardunaldietan aurkeztuko du Topaguneak. Era berean, jardunaldiak aldekotasuna lantzerakoan kontuan hartu beharreko hainbat faktoreren inguruan bestelako gogoetak ere ekarriko ditu. Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneak egin duen ikerketa etxeko bi ahotsek aurkeztuko dute: Oskar Zapata eta Iñaki Sagardoi.

Halaber, beste ahots batzuek ere lekua izanen dute. Esaterako, Eduardo Apodaka soziologoak “Harremanak, praktikak eta afektuen zirimolak” izenburupean hitzaldia emanen du. Segidan, Marina Massager soziolinguista katalanak lekukoa hartuko du, hitzaldi bat eskainiz non argudioak eta ekintzak emanen ditu biziberritze prozesuekiko interesik ez dutenekin lantzeko. Hauetaz gain, mahai inguruak eta “Ondo egiten dugu Iruñekoak izateko” podcastaren grabaketa zuzenean ikusi ahalko dira.
Izen emate fitxa webgunean (topagunea.eus/gero-eta-aldeko-gehiago) betetzeko aukera dago, aforoa mugatua baita. Gainera, Katakraken bazkaltzeko aukera ere badago, 25 euroren truke.

 
08:30
Irekiera ekitaldia:  Ana Ollo Hualde, Oskar Zapata Solano
09:30
Hitzaldia: “Harremanak, praktikak eta afektuen zirimolak” Eduardo Apodaka. Gidaria: Marta Chamorro.
10:00
Hitzaldia: “Erronkak, biziberritze prozesuarekiko interesik ez dutenekin. Argudioak eta ekintzak”. Marina Massager:
Gidaria: Aingeru Epaltza.
11:00
Atsedena
11:30
Aurkezpena: ” Gero eta aldeko gehiago Nafarroan”. Oskar Zapata, Iñaki Sagardoi. Gidaria: Irati Iciar.
12:30

Elkarrizketa: “Harremanak, jokaerak”. Maria Oianguren Idigoras, Eneko Calle Garcia, Yasmine Krhis Maansri. Gidariak: Miren Mindegia,  Martxelo Diaz.

13:20

Mahai ingurua: “Ildo diskurtsiboak”. Cristina Oses Zudaire, Carlos Vilches Plaza, Lur Albizu Etxetxipia. Gidariak: Uxue Rey, Juan Kruz Lakasta.

14:30
Bazkaria
16:30
Egunaren errepasoa: “Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko” zuzeneko irrats saioa KATAKRAKEN
17:30
Itxiera