Euskalgintzan aro berri bat ireki eta gizarte mugimendua indartzeko apustua II. Kongresuan

Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96
elkarteek, hiru urteko hausnarketei amaiera eman diote gaur Bilboko Euskalduna
Jauregian ospatu duten
bigarren Kongresuan, “Federaziotik Mugimendura” lelopean. Hausnarketa prozesua 2010.
urtean hasi zen eta azken hilabeteetan mugimenduaren antolakuntza,
finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte
Euskal Herri osoko hainbat elkartek. Gaur bukatutzat eman da prozesua Zuzendaritzak
proposatutako ponentzia eta ondorioei Kongresura bertaratuek egindako bozketarekin.

20121117_130226

Bozketaren ondoren, ekitaldi publikoa egin du Topaguneak,
euskalgintzako zein erakunde publikoetako hainbat ordezkariren presentziaz.
Topagunearen presidente Mikel Irizarrek azaldu duenez, hausnarketa prozesuak
gertu utzi du Topagunea euskalgintzaren aro berri bati ekiteko. Bide batez, Topaguneak gonbidapena luzatu die euskaltzale, gizarte eragile eta
erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

30 urteko ziklo bat amaitu eta beste bati ekin

Irizarrek azaldu duenez, 30 urteko ziklo bat
amaitu berri da euskalgintzan, eta
lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi du mugarri
horrek.
Ikusi besterik ez dago berrikuntza eta hausnarketa beharra nola
dabilen euskalgintzako eragileen artean han-hemenka.

Horrek, eta jarduera askoren biziraupena bera
kolokan jarri duen krisi ekonomikoak, ziklo berri bati indartsu ekiteko beharra
ekarri du. Ziklo berri horretan eragin handia izango du aro politiko berriak,
lankidetzarako aukera handiak zabaltzen baititu herri erakunde eta gizarte
eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere
dialektika gaindituta.

Ziklo berri horren hezurdura plangintza potente bat izatea proposatzen du Topaguneak, eta
giharra berriz euskalgintza berri bat, gizartean
eta erakundeetan ondo txertatua eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko
duena. Bihotzean, azkenik, euskal
hiztuna kokatu du Topaguneak,
ahalmendua, jantzia, antolatua eta ekintzailea,
euskara bizipozez biziko duena agoniatik urrun.

Topagunea, ekiteko prest

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Topagunea
ziklo berri horri ekiteko gertu eta gogotsu dagoela adierazi du Mikel
Irizarrek, eta euskaltzaleak, gizarte eragileak zein erakundeak animatu ditu elkarlanean jarduteko, ziklo horren oinarriak
zehazte aldera. “Ekitaldian omendu dugun
Txepetxek etorkizuna eskatzen zuen gure iraganarentzat, eta Topagunetik
azpimarratu nahi dugu indarrak batzea eta elkarlana gakoak direla euskarari etorkizun
hori emateko”.

Ekitaldiari eta hausnarketa
prozesuari amaiera emateko, Topaguneko kideek bazkaria egin dute Bilboko Kafe
Antzokian.