Elkarteen egitasmo arrakastatsuak aurkezteko Proiektu Azoka egingo da apirilaren 24an, Elgoibarren

Apirilaren 24rako Proiektu Azoka 2021 antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak Elgoibarko Institutuan. 1Eratu ildoaren baitan, Topaguneko zazpi elkartek euren herrietan burutzen duten egitasmo arrakastatsu bana aurkeztuko dute laburrean: aisialdikoak, kulturgintzakoak, sentsibilizazio alorrekoak…. Azalduko dituzten proiektu guztiak, gainera, beste herrietan egingarriak direla iritzita aukeratu dira. Proiektuotako arduradunek euren esperientziatik azalduko dituzte egitasmoak eta bertatik bertara proiektuen gakoak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ondokoak dira azokan aurkeztuko diren ekimenak:

  1. Gurasoleku (Ttakun)
  2. OZEN (Berbaizu)
  3. Ikasle Eusleak (Galtzaundi)
  4. Igande arratsaldeak familian (Hogeitalau)
  5. Ibilaldi historikoak (Loramendi)
  6. Mintzakuadrillak: aisialditik, gazteen ahalduntzera (Topagunea)
  7. Ikusentzunezkoak eta sare sozialak -Kameratoia eta Biziber- (Topagunea)

Komunikazio EzBortitza

Proiektuak azaldu ostean, Txatxilipurdi elkarteko kideak mintzatuko dira argitaratu berri duten Komunikazio EzBortitza liburuaren inguruan. Marshall Rosenbergen liburu arrakastatsua euskarara itzuli dute orain gutxi: nazioarteko salduenen artean dago Rosenbergen liburua, eta rol jokoak eta errealitateko adibideak baliatzen ditu Komunikazio EzBortitzaren (KEB) prozesua azaltzeko.

“Teknika sinpleetatik askoz harago joz, kalitatezko harremanak lortzea eragozten duten pentsaera, hizkuntza eta epai moralistak eraldatzen ikasteko tresna da liburu hau. Gatazkak errazago konpontzen hasteko; nahi dena exijentziarik gabe eskuratzeko; besteen beharrak entzuteko; harreman pertsonalak eta profesionalak indartzeko, eta norbere ahalmenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko”.

Elkarteetako proiektuak kudeatzeko orduan, eta lan egiteko moduetan lagungarria izan daitekeelakoan aurkeztuko dituzte Komunikazio Ez Bortitzaren gakoak Proiektu Azokan.

Egitaraua

10:00 – 10:10: Ongi etorria
10:15 – 12:00: Proiektuen aurkezpena
12:00 – 12:30 ATSEDENA
12:30 – 13:30: Komunikazio EzBortitza

Irekita dago jada Proiektu Azokara parte hartzeko izen-ematea.