Ekainak 2 da Benito Ansolarako lanak aurkezteko azken eguna

Hilabete barru itxiko daIV. Benito Ansola sarirako lanak aurkezteko epea, ekainaren 2an. Irabazleak 3000 euroko saria jasoko du aurkeztutako lana gauzatzeko. Euskal Zine Bileraren 2017ko ekitaldi nagusian jakinaraziko da irabazlearen izena.

Betiko bi helburu sendoekin dator laugarren edizioa: euskal kultura zabaltzea eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak antolatu dute, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren laguntzarekin.

 

Nola parte hartu

Hemezortzi eta hogeita hamasei bitarteko gazteek parte hartu dezakete eta  proiektuak 2017ko ekainaren 2a baino lehen aurkeztu behar dituzte. Benito Ansola Sarien oinarriak hemen daude osorik eskuragarri.

Saritutako proiektuaren  izena 2017ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da. Irabazleak, izendapena jaso eta 2018ko uztailaren 1era  bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Aurreko urteetako edizioen berri, parte hartzeko oinarriak, Benito Ansolari buruzko informazio guztia www.kameratoia.eus webgunean duzue.