Bihar banatuko dira Ermuan Kameratoiaren VI. edizioko sariak

Bihar, azaroak 6, arratsaldeko 20:00etatik aurrera banatuko dira Ermuko Lobiano Kultur Gunean Kameratoia ikus-entzunezko rallyaren seigarren edizioko hiru sariak.

Parte hartzaileek lau eguneko epea izan dute bost eta hamar minutu bitarteko ikus-entzunezko lanak sortzeko, joan den larunbatean eman zitzaien gaia (Muga-Mugan) eta Ermuko hamar ezaugarriko zerrenda batetik gutxienez hiru erakutsiz.

 28 taldek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko, eta haietatik 15ek lortu dute lana garaiz entregatzea. Kameratoilariek arratsaldeko 17:00etan dute hitzordua Lobianon, aurkeztutako lan guztien proiekzioa ikusi eta askaria elkarrekin hartzeko. Ondoren 20:00etatik aurrera, sari banaketa ekitaldia izango da, Alain Dominguez Kortazar artista ermuarraren eskutik.

 Guztira, hiru sari banatuko dira: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, hurrenez hurren. Gainera, saritutako lanak bere kultur eskaintzaren barruan sartuko ditu TOPAGUNEAk.