Berako solaslagunek prest dute Mintza Eguneko egitaraua

Mintza Eguna 2015 kartelaHamargarren Mintza Eguna Beran izango da, maiatzaren 30ean. Euskal Herri osoko mintzalagunentzako egun pasa antolatu dute bertako solaslagunek, eta plana zehatz kontatu digute:

Goizeko 11:00 aldean, ongi etorri ekitaldia izanen da Rikardo Baroja ikastetxeko aterpean. Sarako Txalapartariek, Bortzirietako Bertso Eskolak, Baztango Fanfarre Mi Fak eta eskualdeko Solaslagunek parte hartuko dute bertan. Herriko Ikastetxeko haurrek egindako marrazkiak banatuko dira, eguneko egitarauarekin. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko guztietatik datozen mintzalagunei hamaiketakoa eskainiko zaie.

12:00etan, herria edo ingurua ezagutzeko bi ibilbide kultural antolatu ditugu, Solaslaguna egitasmoko kideen eskutik:

A) Bera Altueratik. Ibilbide bat eginen da goi-kotetatik. Bertan, Kaxerna Gaztetxeko kideek egoitza erakutsiko digute eta Garmendiko Bordako gasna eta Lekuederreko bazterrak ezagutuko ditugu.

B) Bera Karriketatik. Itzea aldera hurbildu eta Barojarren eta sorginen berri izanen dugu, elizako organo berezia entzun eta San Migel zubiko historiak ezagutuko ditugu herritarren eskutik.

Goizeko ibilbidetxoaren ondotik, elkartu eta kalejira poteoa eginen da.

15:00etan, Herri bazkaria plazako inguru ederrean eginen da eguraldi onarekin. Bazkalostean, esker emate ekitaldia izanen daMintzalagun egitasmoan lan berezia egin duten kideei eskerrak emateko. Azkenik, partaideak dantzan eta kantuan jarriko dituen Dantzaldia izanen dugu Malerrekako Oharkabe taldearekin.

Bazkarirako izen ematea maiatzaren 26ra arte egin daiteke, tokian tokiko mintzapraktikako dinamizatzaileen zein Euskaltzaleen Topagunearen bidez. Bazkariko txartelak 17€ balio du eta menu berezia behar dutenek aldez aurretik jakinarazi behar dute.

Ez eutsi tentaldiari, animatu eta etorri Berara!