Bederatzi elkarte berri gehitu dira Irungo “Kalean Bai” planera

kaleanbai

Joan den urriaren 26an, Irungo udaletxean “Kalean Bai” planaren bosgarren sinadura  ekitaldia ospatu zen. Bertan bederatzi elkarte berrik onartu zuten hitzarmen orokorra eta beste hainbat elkartek espreski eurentzat prestatutako hitzarmen espezifikoa sinatu zuten. Elkarte hauetako lehendakariez gain, Irungo alkateak, Euskara arloko zinegotziak, eta Irun Iruten Euskara Elkarteko lehendarariak, parte hartu zuten sinadura ekitaldian.

Kalean Bai plana, Irungo Udalak Irun Iruten euskara elkartearen bidez, 2002an abian jarritako plana da. Hasiera hartan, planari 53 elkarte atxiki zitzaizkion. Asteartean ordea 70 kide izatera iritsi dira eta hauetatik 40k euren hitzarmen espezifikoa egunerokotasunean txertatzen dihardute jada.

irunirutenPlanera atxikitu diren bederatzi elkarteak honako hauek dira; Alaikiro (Toki-Alai) eta El Pilar ikastetxeetako  guraso elkarteak, Erroibide Saskibaloi Elkartea, Gaurko Andreak Elkartea, Gordezan Elkartea, Lagun Artean Elkarte Gastronomikoa, Nicolas Guerendiain Errepublikar Elkartea, Oxinbiribil Guraso Elkartea eta Ttipi Ttapa aisi taldea.

Hemendik aurrera, elkarte bakoitzak hartutako konpromisoaren arabera, bere egunerokotasunean euskara erabili beharko du, euren hitzarmenetan zehaztutako neurriei jarraiki.

Udalaren esker ona

Udazken honetarako, Irungo Udalak “Kalean Bai” plana osatzen duten elkarteei bere esker ona adierazi nahi die, besteak beste txalotze kanpaina baten bidez. Kanpaina honen ondorioz, “Kalean Bai” plana osatzen duten elkarteek euren buruak Irungo kaleetan ikusiko dituzte. Irungo alkateak eskerrak eman eta etorkizunerako konpromisoak aipatu zituen “gure aldetik, aurrerantzean ere, ahalegin guztiak egingo ditugu, elkarlana eta adostasuna sendotu eta bide horretan behar dituzuen tresna, baliabide eta laguntzak eskura izan ditzazuen”. Bide batez, Irun Iruten euskara elkarteari, herri elkarteekin elkarlanean burutzen duen lana eskertu nahi izan zion.

kaleanbai2

Sinadura ekitaldian parte hartu zuten elkarteetako ordezkariak