Goizeko trumoien beldur etortzekoak ziren parte hartzaile batzuk izutu bazituen ere, 90 pertsonatik gora elkartu ziren Arrasaten ekainaren 12an.  Hamarnaka hizkuntzen soinua eta kultura anitzen zapore, dantza eta kantu artean alai ospatu zuten Auzoko Eguna, inguruan zebiltzan zenbaiten jakinmina ere piztuz.

Ekainaren 12an Arrasaten elkartu ziren Auzoko egitasmoan parte hartzen duten hamarnaka herritar, Oñatitik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Gasteiztik, Eskoriatzatik, Donostiatik eta Soraluzetik etorriak. Euskara erdigunean jarrita, hainbat jatorritako hizkuntza eta kulturen arteko zubien erakusleiho bihurtu zen Seber Altube plaza.  

Arrasateko txalaparta taldekoen ttakunak itzartu zuen eguna eta Ekin Emakumeak, Arrasateko Udala eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkarien hitzek eman zioten segida arratsalde erdira arteko ospakizunari. Auzoko zer den bertoko partehartzaileek azaldu zuten kalean prest zegoen mural bat osotuz: euskara, ama hizkuntza, harrera eta herria kontzeptuek zer sentiarazten dieten adierazi zuten esaldi, argazki eta hitzen bidez.

Arrasateko Alde Zaharrean zehar bisita gidatua egin zuten ostean, herriko gaiteroen doinu eta guzti. Eta kultur eta hizkuntza mestizaiak ez zuen etenik izan: emakume saharauiarren dantza erakustaldia etorri zen gero eta parte hartzaileek etxetik ekarritako jakiak dastatuz gozatu zuen makina batek bazkari goxoaz. Eguzkiak kupida gabe jotzen bazuen ere, Seber Altube plazan doinu freskoz heldu zioten bazkal osteari: Donostiako Auzokoko taldeak kontzertua eskaini zuen, tartean Auzokoko abestia ere eskainiz.

Auzoko Eguna bero eta sakon joan zen, kafe ona bezala: Auzoko egitasmoak proposatzen duen bizikidetza ereduaren isla izan zen Arrasatekoa. Giro ona, aberatsa, erosoa eta goxoa izan zen nagusi eta zazpi herritako parte hartzaileek elkar ezagutzeko balio izan zuen, euskaratik harreman sare berriak sortzeko. Gainera, zenbait hausnarketa interesgarri ere bildu zituzten muralean, hona hemen bi: “sortzeko, entzuteko eta elkar ulertzeko momentuak eskaintzen ditu Auzokok” eta “nire hizkuntza euskarara gehiago gerturatu dezakedala erakutsi dit”.

Bultzatu dezagun hizkuntza aniztasuna euskaratik euskaraz bizi nahi duen herria eraikitzeko. Euskaratik zubiak eraikitzeko prest? Auzotzeko prest?