Arrasaten elkartuko dira aurten Auzoko egitasmoan parte hartzen duten herritarrek, Oñatitik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Ibarratik, Gasteiztik, Eskoriatzatik, Donostiatik eta Soraluzetik etorriak. Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdinetako hizkuntzak eta kulturak ezagutzeko aukera emango du egunak.

Gure herrietako errealitatea kulturanitza eta eleanitza da. Aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea da Auzokoren jomuga. Horretarako, hiru helburu nagusiren bueltan lan egiten da egitasmoan: euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea, herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta euskaraz ardaztutako harremanen bidez elkarbizitzarako eta lankidetzarako sareak eraikiz joatea.

Bi figura dira garrantzitsuak egitasmoan: auzotarrak (auzoko euskaldunak) eta auzokideak (jatorri anitzeko auzokideak). Auzotarrak dira auzokideen bidelagunak euskarara eta euskal kulturara, gure hizkuntza eta bizimodura hurbildu daitezen. Bestalde, auzokideak dira auzotarrei herriko hizkuntza aniztasunera harrera egiten dienak. Hortaz, esan daiteke Auzoko bi norazko harrera proposatzen duen egitasmoa dela.

Auzokon, euskaraz ez dakiena euskarara hurbiltzen da eta hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri. Harreman zuzenaren eta hurbiltasunaren bidea dira beste hizkuntzetako hiztun helduak euskarara hurbiltzeko erarik onenak. Egitasmoaren azken helburua ez da inor euskalduntzea, baina bai horretarako atea irekitzea; euskarararekiko eta euskal kulturarekiko interesa piztea; elkarbizitza euskara erdigunean jarrita sustatzea.

Auzoko Eguna

Urte osoko herrietako elkarlana eta kultur aniztasuna ospatzeko, ikasturte amaieran Auzoko Eguna antolatzen da aldiro herri desberdin batean. Herri desberdinetako auzotar eta auzokideak elkartzeko aitzakia izateaz gain, jatorri desberdinak aitortu eta ikusgai egiteko une aproposa bihurtzen da.

Aurtengoa Arrasaten izango da, ekainaren 12an eta urte osoan egitasmoan parte hartu duten hamarnaka herritar bilduko ditu Seber Altube plazak. Besteak beste, Arrasateko alde zaharrean bisita gidatua, janari dastaketa eta musika emanaldia antolatu dira.