Altsasuko Kimaren ipuin lehiaketako sariak

Euskaltegietako ikasleei zuzendutako ipuin lehiaketak baditu sarituak. Kimak antolatutako lehiaketa seigarren edizioan Altsasu, eta Sakanako, AEKko Itsasi euskaltegiko 45 ikasleek lehiaketara 14 lan aurkeztu zituzten (4 A mailan, 4 B mailan eta 6 C mailan). A, B eta C mailako lanik onenendako sari bana banatu du Kimak.

Literatur lanak aztertu dituen epaimahaiak esan dute ez zaiela erraza egin erabakia hartzea. “Hiru kategorietan zalantzak izan ditugu, eta, besteetan esan izan dugun bezala, ipuina idazteko ahaleginak berak saria merezi du. Nolanahi ere, beharbada aurten gehiago erreparatu diogu hizkuntza mailarekiko egokitasunari, gure ustez garrantzitsua baita ikasleak konturatzea gai direla, zein bere ezagupenekin, historia bat kontatzeko”.

Horiek horrela, epaimahaiak erabaki zuen A mailan (3. urratsera bitartekoa) saria ematea Patxi Iraizozek, Mª Mar Abadek, Marivi Martinek, Kiko Onievak, Noemi Gomezek eta Luis Diazek aurkeztutako idazlanari. Haien Burdinazko munstroa ipuinari buruz epaimahaiak zera adierazi du: “Altsasun gaurkotasun handia duen gai batez hitz egiten digu, ipuinetako elementuez jantzita, hala nola animalien eta gauzen pertsonifikazioa, eta oso euskara egokiarekin mailarako”. Haren egileek Arkatz liburu-dendan gastatzeko 75 euroko txartela eskuratu dute.

B mailan saria merezi izan zuen duena Eraztun magikoa idatzia izan da, Jose Luis Ojerrek, Noelia Martinek, Mikel Aingeru Lealek, Eugenio Bonok eta Juanan Guerrerok idatzia. Epaimahaiak zera dio: “ipuin honek bete ditu hobekien lehiaketaren oinarriak, mitologiaren ezaugarriak dituen historia fantastikoa, Altsasun kokatua, eta hizkuntza aldetik mailarekin bat datorrena”. Sarituek Arkatz liburu-dendan gastatzeko 75 euroko txartela eskuratu dute.

C mailan (3. maila, EGA ikastaroak eta Mintzakideak) Aurki itzuli lanak eman dio saria Maite Arguellesi. Epaileek nabarmendu dutenez, “ipuinetik harago doala esanen genuke, kontakizun labur honen argumentua nobela bat idazteko adinakoa delako. Suspensea du eta interesa amaieraraino, eta Altsasurekin lotura duten elementuen garrantzia ere nabaria da, trenbidea edo Josefina Arregi zentroa, adibidez”. Kima Euskara Taldeak emandako saria jaso zuen.

Kima euskara taldeak lehiaketaren balorazio positiboa egin du. Are gehiago ikasleek ikasitakoa gelatik kanpo erakusteko aukera izan dutelako eta, bide batez, haien euskara ikasteko ahalegina errekonozitua izan delako. Epaileekin bate eginez, Kimak egile guztiak zoriondu eta euskalduntzeko bidean ez etsitzeko deia luzatu die parte hartzaileei.

Kima euskara taldearen web orrian, www.altsasukokima.com–en, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak dagoeneko irakurgai dituzu. Haiek ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Edizio honetako 14 lanez gain aurreko bost edizioetako 63 idazlanak ere irakur daitezke. Hortxe gonbitea irakurriz momentu ona izateko.