Aktibazio egitasmoak herriz-herri hedatzen doaz

Hizkuntza ohituratan aldaketak eragiteko helburuz sortutako gizarte-aktibazio egitasmoek herriz-herri hedatzen jarraitzen dute, formatu eta itxura ezberdinak hartuz. Donostiako Egia auzoan abiatutako dinamika hainbat herritara heldu da orain arte (Agurain, Hernani, Lasarte-Oria, Arrigorriaga edo Errenteriara, batzuk aipatzearren) eta hurrengo asteotan beste hainbat herritan ere egingo dituzte esperientziak. Azken egunotan martxan dauden edo laster abiatzekoak diren batzuk aipatuko ditugu:

 

Ibarran (Tolosaldea), “I barra-barra euskaraz”

200 lagun baino gehiagok eman du izena Ibarrako euskaltzaleek martxan jarritako ekimenean. Tartean dira udaleko langileak, ikastolako ikasleak eta bestelako herritarrak ere. Ekimena Tolosan maiatzaren 27an egingo den Arnastu euskara ekimenarekin lotu dute antolatzaileek. 

 

 

Tolosako ikastetxeetako gurasoak, Eusle

Tolosako hainbat ikastetxetako 50 gurasok hartu dute hiru astetan euskarari eusteko konpromisoa. Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketan oinarrituta, euskararen “eusle” izateko konpromisoa hartu duten lagunek gurasoen hizkuntza ohituretan eragitea du xede. Tolosako euskararen mahaiak abiatutako egitasmo honetan Galtzaundi euskaltzaleen elkartea parte hartzen ari da. Hiru asteaken Arnastu euskara Lipdup erraldoia egingo duten egunean beteko dira. 

 

 

Eibarren, “euskaraz primeran”, sarea ehuntzen

Eibarko …Eta Kitto! euskaltzaleen elkarteak lau astez herriko euskaltzaleen sarea ehuntzeko egitasmoa jarri du martxan. “Berbetan” egitasmoko berbalagunetatik abiatu dute egitasmoa, baina herriko euskaltzaleen artean hedatzeko helburuarekin sortu da. Horretarako, euskarari eusteko konpromisoa hartzen duten kideen artean “euskaraz primeran” ikurra zabaltzen ari dira.

 

 

Zuian, “Baietz 42!”

Ekainaren 21 eta 23aren artean egingo dute Arabako Zuiako euskaltzaleek “Baietz 42!” erronka, 42 ordutan euskaraz bizitzeko aktibazio dinamika. Lasarte eta Aguraingo esperientziak ezagutu ondoren, Ahobizi, Belarriprest eta Bidelagun bila hasi dira jadanik Zuiako lagunak. 

 

 

Beste hainbat martxan

Beste herri batzuetan ere ari dira beraien erronkak prestatzen, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetara heltzen ari da apurka-apurka proposamena. 2018aren bukaeran “Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin” erronkari heldu aurretik herriz-herri milaka Ahobizi eta Belarriprest ari dira sortzen!!