Udagoieneko Ostera 2013

Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren XIV . edizioa jarri du abian. Zirkuitua bost emanaldik osatzen dute, eta haietako bakoitza Bizkaiko herri batean izango da azaroaren 16tik 29ra: Zalla, Bilbo, Bermeo, Basauri eta Ermuan.  Udazkenero, astero Ostera hasten da!

Programazioa:

Kartel orokorra. Udagoieneko Ostera

Azaroaren 16an, larunbata. Zallako Zine Antzokian, 20:00etan. Sarrera 8€

  • OSKORRI, GABRIEL ARESTI BISITAN: Oskorri sortu aurretik ere, kideek aspaldiko harreman sakona zuten Gabriel Aresti poeta handiarekin. Gabrielen influentzia ukagaitza ez da soilik Oskorriren kantetan nabari, baizik eta baita, gerora, historikoki garatuko zituen arlo diferente gehienetan ere. Sorreratik 30 urte luze pasata, Oskorri iturburuetara itzultzen da, Gabriel Arestiren errepertorioa nahiz berak inspiratu edo ukitu kantak taularatzen dituelarik. Hona hemen, beterano askori ostera giharrean hunkitzeko manera eta gazteei Aresti ezagutarazteko modu ederra.

 

Azaroaren 22an, ostirala. Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan. Sarrera 12€ aldez aurretik, 15€ egunean bertan

  • GATIBU:  “Zazpi kantoietan”, Gatibu musika taldearen bosgarren diskoa da.  Rocka zazpi kantoietara bideratuta, mundura. Gorputzaren zazpi kantoiek ere jasoko dute bere musika dosia. Rock indartsua, batukada ziztada, balada hunkigarriak, rock biluzi eta akustikoa, bluesa, rock gogorra, punteoak, baina rocka bere hitz guztiekin, rock and rolla. Bihotza zuten, dute eta izango dute sutan une bakoitzean. Gatibuk musikaren bizipoza eta emozia helarazi nahi ditu, eta Bilboko Kafe Antzokira gerturatzen direnei bihotza irakiten jarriko die tupustean.

Azaroaren 28an, osteguna. Bermeoko Kafe Antzokian, 20:00etan. Sarrera 6€

  • GABRIELEN LEKUA: Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna. Helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez. Horretarako, hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikusentzunezkoak… Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek (Rafa Rueda, Andoni Egaña, Oier Guillan eta Alain Urrutia, besteak beste) beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute ikuskizuna.

 

Azaroaren 29an, ostirala. Basauriko Social Antzokian, 20:30ean. Sarrera 18€

  • BENITO LERTXUNDI Orioko bardoaren azken lana da “Oroimenaren oraina”. Askatasuna, maitasuna, damua, heriotza… kantu bihurtutako galderak biltzen ditu Ez Dok Hamairuren sortzaileak bilduma honetan. Bere hitzetan, lan xumea da oraingoa, baina “gauza xume guztiak dira sakonak”. Kantu horiek, eta betikoak, bere “Bizkaia maitean” izango ditugu azaroaren 29an.

 

Azaroaren 29an, ostirala. Ermuko Ermua Antzokian, 22:15ean. Sarrera 10€

  • EÑAUT ELORRIETA: “Deserriko kantak” da Eñaut Elorrietaren bakarkako lehen lana. Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Ken Zazpiko abeslariak. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

 

SARREREN SALMENTA:

Kutxabanken orotariko kutxazainetan edo internet bidez.

Aretoetan bertan.

 

EMANALDIETAKO KARTELAK DESKARGATZEKO:

http://www.flickr.com/photos/topagunea/sets/72157636791103213/