Kongresuari begira abiatu du iraila Euskaltzaleen Topaguneak

Oporretatik bueltan… udazken beteari heltzeko prest? Indartsu eta energia berrituarekin abiatu dugu iraila Euskaltzaleen Topagunean. Azaroaren 18an egingo da euskara elkarteen mugimenduaren hirugarren kongresua, gogoeta sakona egiteko hiru hilabete ditugu euskara elkarteok aurretik.

Lehen hitzordua irailaren 22an, ostirala, izango dugu Ermuan, Euskaltzaleen Topagunearen Ez-ohiko Batzar Nagusia izango dugu. Bi eginkizun garrantzitsu ditugu bilera horretan:

  • Zuzendaritza Batzordea berritzea. Lau urtetan lehendakari modura aritu den Kike Amonarrizen ordezkoa hautatuko da batzarrean, besteak beste.
  • Azaroan Euskaltzaleen Topagunearen Kongresuan aztergai izango diren bi proposamenak aurkeztuko dira. Alde batetik, Elkarrizketa Talde Eragileak landutako Aldaketa Teoria eta bestetik, berau garatzeko Topaguneko Kongresu Batzordeak Topagunearentzat proposatzen dituen funtzio nagusiak.

 

Bi txosten, gogoeta bat

Azaroaren 18an Arrasaten egingo den Euskaltzaleen Topagunearen 3. Kongresuan bi txosten nagusi izango dira aztergai. Aurrez esan bezala, irailaren 22ko Batzar Nagusian aurkeztuko dira txosten hauek. Batera Jauzi prozesua Elkarrizketa Talde eragileak egindako gogoetarekin abiatu zen eta horren emaitza jasoko du Kongresurako prestatu den lehen txostenak. Lehen txosten honek euskararen erabileran aurreranzko jauzia emateko bete beharreko baldintzen gaineko gogoeta jaso du. Bigarren txostena, berriz, Kongresua antolatzeko osatu den Batzordeak landu du eta bertan jasoko dira Euskaltzaleen Topaguneak, euskara elkarteen mugimenduak, hurrengo hamarkadetan lehentasunez izango dituen funtzioak. Bigarren txosten hau azken hilabeteetan bazkideekin izandako saio ezberdinetan jasotako ekarpenekin osatu da. Hauek izango dira iraila eta azaro artean mugimenduko kideek eztabaidagai izango dituzten proposamenak.

Elkarrizketa Talde Eragileak amaitu du bere zeregina

Iazko abenduan ekin zioten Elkarrizketa Taldea osatzen duten 14 kideek beraien lanari. Topagunearen 3. Kongresura begira, euskararen erabileran jauzia emateko proposamen bat garatzea zuten helburu. Zortzi hilabetetako lanketa sakonaren ondoren, Talde Eragileak amaitu du bere zeregina eta irailaren 22an Ermuan egingo duen Batzar Nagusian aurkeztuko da emaitza.

Elkarrizketa Talde Eragileak egindako prozesuaren inguruko informazioa jaso da ondoko bideoan.

Kongresuari buruzko informazio guztia, lotura honetan aurki daiteke.