Auzoko elkarrizketak: hizkuntza eta aniztasunari begirada bat

Pasa den otsailaren 21ean ospatu zen Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna eta bere inguruan egin zen Auzoko Elkarrizketak ekimena Getxon eta Hernanin estreinakoz. Ekimen honek argia ikusten duen lehen aldia da eta momentu ederrak utzi dizkigu bi plazetan.

Getxo: gertutasuna, goxotasuna eta esperientzia elkartrukea

Otsailaren 18ko arratsaldean Getxok ekin zion Auzoko Elkarrizketen ibilbideari. Igande arratsalde grisa, etxetik ateratzea kostatzen den horietakoa. Baina Getxok ez zuen kale egin. 27 lagun gerturatu ziren Azebarri Kultur Elkartera, zein baino zein gogotsuago.

Egizu Euskara Elkarteko lagunek eginiko lana oso azpimarratzekoa izan zen bai ekimenaren antolakuntzan, bai parte-hartzaileak identifikatu eta erakartzeko orduan eta bai saioan bertan erakutsitako gertutasunagatik (eta prestatutako merienda goxoagatik).

7 jatorri eta 10 hizkuntza ezberdinetako pertsonek osatutako taldean hainbat eta hainbat bizipen eta sentimendu plazaratu ziren modurik esku zabalenean eta errealitate anitzak ezagutzeko parada izan genuen: migrazio prozesuek eragindako minak, identitatearen inguruan sortzen diren barne eta kanpo gatazkak, bigarren generazioek dituzten aitortza faltak eta talka kulturalak, euskarak guzti horretan izan duen eta izan beharko lukeen lekua… Bakoitzak bere bizipenetatik eta ikuspegitik, elkarrekin Getxoko etorkizun desiragarria irudikatu genuen eta baita horretara iristeko beharrezko baliabide zein ekintzak ere.

Arratsalde aberasgarria eta emankorra Getxon igarotakoa, hunkigarria taldearen jarrera eta noski, Egizuko lagunen inplikazioa.

Hernani: pausu bat aurrerago

Otsailaren 24ko goizean Hernaniren txanda izan zen. Doberako lagunek konfiantza zuten bere auzokideengan eta arrazoi osoarekin gainera, izan ere, 30 lagun bertaratu ziren Kulturarteko Plaza Feministara.

Oso nabarmena da Hernanin badagoela bagaje bat, bide luzea ibilia dutela eta badagoela gizarte gaiei buruz hitz egiteko grina bere herriko kulturan txertatuta. Talde handia, anitza, lanerako gogoz.

Doberako lagunek sekulako ilusioa eta gogoa transmititu zuten eta emaitzetan asko nabaritu zen beraiek saio osoan zehar taldearen onena ateratzeko eginiko lanketa. Ideia eta hausnarketa zaparrada zoragarriak izan zen, ekarpen uholdea izan genuen eta etorkizuneko Hernanirentzat erronka anbiziotsuak mahai gaineratu ziren, nahi eta behar duten herriaren mailakoak, alegia.

Ikasketa handia denok Hernanitik ekarritakoa, bai bertara eraman gintuen gaiaren inguruan eta baita herrigintzaren inguruan ere. Edonork nahiko lituzke bertaratutakoak bezalako auzokideak eta baita, Doberako lantaldea bezalako bidelagunak.

euskaltzaleen-topagunea-auzoko-elkarrizketak-hernani

Lehen esperientzia hauek zoragarriak izan dira eta gauza bat oso agerian utzi dute: herritarrek badugula zer esan, zer aldatu eta zer eraiki euskara eta aniztasunaren inguruan, bidegurutze horretan badugula norabidea ezartzeko eta ibilbidea irudikatzeko gaitasuna eta gogoa eta gure herriak anitzak, linguistikoki eta kulturalki aberatsak eta denon artean eraikiak nahi ditugula. Getxok eta Hernanik egin dute ariketa, orain zuen txanda da!