Aurrera doaz Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzeko lanak Euskal Herri osoan. Herri batzordeak aktibatzen ari dira, herriz-herri hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala antolatzeko. Lehen bi edizioetan egin zen bezala, Euskal Herriko ehunka herritan jarriko da martxan Euskaraldia berriro ere. Euskaltzaleen Topagunea, lurralde ezberdinetako administrazio publikoekin ari da antolatzen eta koordinatzen azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa soziala.

Mikel Arregi (Euskarabidea), Ana Ollo (Nafarroako Gobernua) eta Oskar Zapata (Euskaltzaleen Topagunea) sinadura ekitaldian

Lurraldez-lurraldeko antolaketaren barnean, Oskar Zapata, Nafarroako Topaguneko Zuzendaria, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria, bildu dira gaur Nafarroan Euskaraldia gauzatzeko hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honen baitan, Euskaraldiak, proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa.
Zapatak gogora ekarri du “Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, egitasmoak helduen aktibazioa du oinarri, gutxieneko baldintza euskara ulertzea delarik.”

Aurtengo leloari aipua eginez, Zapatak Hitzez ekiteko garaia dela azpimarratu du. “Euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz…”. Hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune.

Ana Ollo Kontseilariak azpimarratu duenez, “euskara batez ere, komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzeko egunez egun lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten ditugu, non herritarrek erakusten diguten ekintza kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta hizkuntzaren inguruan aukera eta balio positiboen mundu bat zabaltzeko”.