Zabalik da Mintza Egunean izena emateko epea

Mintza Eguna Euskal Herriko zein diasporako mintzalagun, berbalagun, solaslagun, solaskide eta mintzakideen urteroko jaia da. Beste bidelagun eta bidelari batzuk ezagutu eta egun-pasa ederra egiteko aukera polita da, baita beste herri zein mintza talde batzuk ezagutzeko parada aparta.

Aurtengo Mintza Eguna Erandion ospatuko da, Berbots Erandion Euskaraz eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean eta ilusio guztiarekin antolatuta.

Goizetik arrastira ekintzaz betetako egitaraua prestatu dugu eta birtualki (Internet bidez) zein presentzialki parte hartzeko aukera egongo da. Goizean harrera, hamaiketakoa, bisita gidatua edo mintzodromoan parte hartzeko aukera eta esker emate ekitaldia egongo dira. Eguerditik aurrera, Erandioko Kanpomartxo jaiarekin bat egingo dugu, bapo bazkaldu eta musika zein dantzaz gozatuz.

Bertaratzea errazteko, autobusak antolatu ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetatik beraz, ez duzu aitzakiarik! Gaurtik apirilaren 21a arte duzu izena emateko aukera. Zatoz Erandiora mintzafestaz gozatzera!