Mintzapoza zabaltzen jarraitzeko aukera berriz zabalik

Mintzalaguna-mintzapoza-Euskaltzaleen-Topagunea

Endika azken urteetan euskara ikasten aritu da eta behin ikasketa prozesua amaitu duenean bera bezala euskara ikasten ari direnekin dakiena partekatu nahi du eta euskaraz hitz egiteko gune bat eskaini nahi die.

Nekanek etxean jaso zuen euskara eta bere herriko euskararen erabilerak kezkatzen duenez, bere aletxoa jarri nahi du erabilera handitzen laguntzeko.

Luis euskalduna da, baina 20 urte eman ditu Euskal Herritik kanpo. Euskara da bere ama
hizkuntza baina erabili ez duenez, ahaztuta dauka eta orain erreparoa ematen dio euskaraz
hitz egiteak hanka sartuko duenaren beldur delako.

Boschra berriz Aljeriatik etorri zen duela urte batzuk. Bere alabak euskaldunak dira eta bera
ere euskaltegian ikastera animatu da, baina ez du norekin praktikatu eta horregatik eman du
izena Mintzalagunean.

Horretarako Mintzalaguna, Berbalaguna, Mintzakidea, Solaskidea, Solaslaguna… Mintzapraktika programak ditugu martxan Euskal Herriko txoko ezberdinetan eta denek dute funtzionamendu bera: astean behin bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak dira eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen dute) elkartzen dira talde txikietan euskaraz aritzeko. Noiznahi, nonahi, mintzapoza partekatzeko gonbitea egiten du Euskaltzaleen Topaguneak.

Mintzalagun talde bereko kideak dira laurak eta asteazkenero elkartzen dira lagun giroan eta kafetxo baten bueltan euskaraz aritzeko. Ziur zu, Luis, Boschra eta beste milaka lagunek bezala, hamaika motibo dituzula hizkuntzan trebatu eta euskaraz bizi nahi izateko. Edo agian Endika eta Nekane bezain beharrezkoak diren bidelagun izateko prest zaude. Eta euskarak denok behar gaitu, bidelagun eta bidelari.

Irailetik abenturaz-abentura

Iraila-urria bitartean hasi ziren martxan mintzapraktika taldeak eta orduztik ekintza mordo bat antolatu dituzte: Mintzodromoak, mendi irteerak, Durangoko Azokara irteera, ardo dastaketak, pintxo poteak… gustu, adin eta zaletasun guztietarako planak.

Izan gazte, heldu, guraso, mendizale, kirolari… Mintzapraktikan denontzat dago lekua. Askotariko taldeak daude martxan: Gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak edo paseoak, mintzaboxeo, emakume taldea, pintxopote taldea, abesbatza… eta beste horrenbeste sortu daitezke nahi izanez gero.
Batzeko aukera berri bat

Urte hasierarekin batera, dagoeneko martxan dauden taldeetara gehitu edo Mintzapraktika talde berriak sortzeko aukera zabalduko da Euskal Herriko txoko ezberdinetan: Arabako Errioxa, Arrasate, Baztan, Bergara, Bortziriak, Deba, Donostia, Erandio, Errenteria-Orereta, Eskoriatza, Estellerria, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hendaia, Hondarribia, Iparraldea, Irantzu, Iruñerria,
Izarbeibar, Lasarte-Oria, Malerreka, Ordizia, Soraluze, Tolosaldea, Txorierri edota Zaldibarren.

Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundura moduko plataformen bitartez berriz, euskara online praktikatzeko aukera izango duzu munduko osoan zehar banatutako bidelagun eta bidelariekin.

Aukera ederra jende berria ezagutu, harreman berriak eraiki eta gure herrikide, lankide edota auzokideak euskarara gerturatzen laguntzeko. Partekatu euskara eta zabaldu mintzapoza!

Zurekin nonahi, noiznahi!
www.mintzalaguna.eus