Topaguneak eta Eusko Jaurlartzak hitzarmena sinatu dute mintzapraktika programak sustatzeko

Topagunea - HPS hitzarmena mintzapraktika sustatzekoDONOSTIA, 2008/19/13.- Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarmena sinatu dute gaur Donostian, mintzapraktika egitasmoak indartzeko, hedatzeko eta diruz laguntzeko asmoarekin. Hitzarmen horren baitan, Jaurlaritzak 72.776 euroko diru laguntza emango dio Topaguneari xede hori aurrera eramateko.

Hitzarmenak lau lan-ildo nagusi garatzeko aukera eman dio Topaguneari:
•    Mintzapraktika abiarazteko sustapen lanak: Txorierri eskualde osora zabaltzeko egitasmoa, Ezkerraldea (Santurtzi), Lizarraldea eta Arabar Errioxa.
•    Mintzapraktika programak egonkortzea: Gasteiz —200 lagunetik gora ari dira Gasteizko Mintzalaguna programan parte hartzen— eta Sakana.
•    Ohiko programen garapena: Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Getxo, Mahatserria, Donostia, Eibar, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Hernani, Iruñerria eta Irunen.
•    Mintzapraktika programen hobekuntza eta garapenerako urratsak:

  • Mintza Egunaren hirugarren edizioa, Getxon ekainean egin zena, 250 lagun baino gehiagoren partaidetzarekin.
  • Aldaera berriak: guraso-laguna esperientzia hedatzea, unibertsitario-laguna, e-mintzapraktika, etorkinentzako mintzapraktika, tokiko hizkera…
  • Formazioa eta prestakuntza saioak
  • Komunikazioa: aurten lehenengoz izen-emate kanpaina bateratua egin da, urriaren 15era arte zabalik dagoena. Euskarri bateratuak sortzea eta erabiltzea, on line bidezko zabalkundea…
  • Mintzapraktika egitasmoen neurketa eta ebaluazioa.

Lan-ildo horietako batzuetan beste zenbait eragilerekin izandako elkarlana azpimarratu da, bereziki Topagunea eta AEKren artean dagoen harremana aipatuz. Tokian tokiko egitasmoen kudeaketan eta sustapenean euskara elkarte zein euskaltegiek parte hartzen dutela gogoratu da.

Hala Hizkuntz Politikarako Sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, nola Topagunearen Zuzendariak, Jasone Mendizabalek, azpimarratu egin dute  mintzapraktika egitasmoek erabilera sustatzeko baliabide gisa duten garrantzia. Gaur egun, 2.500 mintzalagunetik gora ari dira 48 herritan, 450 mintzataldetan banatuta. Baztarrikak esan duenez, “gure esperantza eta asmoa da etorkizunean askoz ere gehiago izatea jauzia egiten dutenak”.

Jasone Mendizabalek, era berean, elkarlanaren garrantzia goraipatu du. “Erakundeen eta euskara elkarteen arteko elkarlanak asko erraztu digu mintzapraktika egitasmoak garatzeko prozesua, eta espero dezagun elkarlan horrek etorkizunean ere jarraitzea”.