Haurren aurrean, helduok heldu,  haurren zuzeneko heldu erreferenteek, (guraso, hezitzaile, senide, lagun…) beraien arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO,  hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.

Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean, eremu informaletan (parkeak, plazak, terrazak, etxea…) gauzatuko da ekimena.

Zer da Haurren aurrean, helduok heldu?

Ekimen hau, Haurren aurrean, helduok heldu,  haurren zuzeneko heldu erreferenteek, (guraso, hezitzaile, senide, lagun…) beraien arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO,  hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.

Bi jomuga nagusi ditu:

  1. Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea (umeei zuzentzerakoan baino, bereziki eta batez ere, helduak beraien artean hitz egiten dutenean).

2. Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea.

Nori dago zuzendua?

0 – 12 urte bitarteko umeen familia kideak, senideak eta gertuko helduak (gurasoak, senideak, hezitzaileak, zaintzaileak…) izango dira lehentasunezko xede taldea.

Helduak esatean, 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara, baina, ekimen honekin, HELDUEN ARTEKO hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzea da asmoa. Izan ere, familia da sozializatzeko lehen taldea eta hori da, gerora, familiaz kanpoko harremanetarako umeen oinarria.

Zein da ekimenaren helburua?

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen.

“Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak.

Hiru dira arau horren oinarri nagusiak:

  1. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz).
  2. Lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin.
  3. Kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere.
Noiz izango da?

Ariketa azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean izango da; hau da, martxan hasi berri den ikasturtearekin batera, ariketak proposatzen duen dinamikak ikasturte osoan ahalik eta eragin handiena edukitzeko asmoz.

Non egingo da, zehazki?

Lurraldeari dagokionez, Euskal Herri osoko hainbat herritan egingo da. Non, zehazki?

ARABA

  • Bastida
  • Gasteiz
  • Gorbeialdeko Kuadrilla (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia).
  • Trebiñuko Barrendegia (Trebiñua eta Argantzun)

BIZKAIA

  • Arrigorriaga
  • Barakaldo
  • Bermeo
  • Berriz
  • Deustualdea
  • Durango
  • Elorrio
  • Enkarterri (Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla).
  • Erandio
  • Etxebarri
  • Gatika
  • Gernika – Lumo
  • Getxo
  • Izurtza
  • Larrabetzu
  • Maruri-Jatabe
  • Mungia
  • Ondarroa
  • Orozko
  • Portugalete
  • Sestao
  • Sopela
  • Ugao-Miraballes
  • Zeberio

GIPUZKOA

  • Arrasate
  • Bergara
  • Deba
  • Donostia
  • Eibar
  • Elgoibar
  • Eskoriatza
  • Gabiria
  • Hernani
  • Irun
  • Lazkao
  • Legazpi
  • Legorreta
  • Mutriku
  • Oiartzun
  • Oñati
  • Ordizia
  • Tolosaldea (eskualde mailan antolatuko dute eskualdeko hainbat herritan)
  • Urretxu – Zumarraga
  • Zegama
  • Zumaia

NAFARROA

  • Altsasu
  • Araitz – Larraun
  • Atarrabia
  • Etxarri Aranatz
  • Lakuntza
  • Olazti
  • Zangoza
  • Zizur Nagusia

IPAR EUSKAL HERRIA

  • Hainbat eragileren eskutik sektorialki antolatuko dute ekimena

 

Nola jakin tokian toki ariketa ze espaziotan egingo den?

Tokian toki sortutako batzordeak izango dira ekimena aurrera eramango dutenak. 

Herri bakoitzaren baitan ariketa egiteko ze gune aukeratu diren jakiteko, aukeratutako espazioak (parkeak, eskola bueltako eremuak, plazak, eta abar) ariketaren euskarriekin (ekimenaren irudia duten euskarriekin) identifikatuko dira, helduei ariketa gogora ekartzeko eta euskaraz aritzeko gune bihurtzeko. 

Zergatik eta zertarako ekimen hau?

Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta mintzairen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte. Hau da, haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten modutik ere ikasten du hizkuntza eta berau erabiltzeko arau soziala (norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez; non bai, non ez; zertarako bai, zertarako ez…). Hortaz, hizkuntza portaeretan haurrekiko eredugarritasuna zaindu nahi bada haiei zuzenean egiten zaien modua ez ezik, haien aurrean egiten den hizkuntza jarduna ere aintzat hartu beharko da.

Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.

Euskararen erabilera ohikoa, bat-batekoa eta berezkoa duten haurrak, aise mintzatu eta hizketan eroso arituko direnak nahi baldin baditugu, hizkuntza portaera parekoak ikustea eta ikastea garrantzitsua da. Garrantzitsua da helduek eredu hori ematea, haurren erreferenteak dira hizkuntzarekin batera erabiltzeko arau sozial eredugarri hori beretu dezaten. Kontutan hartzekoa ere, gurasoak ez direla umeen hizkuntza erreferente bakarrak. Haurrak ingurutik ikasten du hizkuntza eta baita hizketan aritzeko ohitura eta araua ere.

Egun euskaldunekin euskaraz egitearen ohitura eta nahia sozializatzeko, koherenteak izan behar dugu eta eredugarri jokatu, haurrek ere jokabide hori bere horretan barneratzea nahi badugu. Portaera hori etxean ez ezik, etxetik kanpo ere barneratuko du haurrak, haren ondoan dauden helduen portaeretatik.

Euskal Herriko kaleetan nagusitzen den joera honakoa da: euskara gehien erabiltzen da haurrak eta helduak elkarrekin daudenean. Erabilera daturik baxuenak, berriz, nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean jasotzen dira.
Joera horri buelta emateko pausoak emateko prest?