Select Page

Ziberaktibismoa: Zuhaitza, Huntza, Mihura, Errizoma

 

Hitzaldiko ideia nagusiak

Ziberaktibismoa definizioa:

Agenda publikoaren aldaketa bilatzen duen edozein estrategia gisa defini genezake, eztabaida sozial handiko agendan gai berri bat sartzea, mezu jakin baten zabalkundearen bidez eta “ahoz aho” hedatzea, hedabideekin eta argitalpen elektroniko pertsonalarekin biderkatuz.

 

“Ziberaktibismoa ez da teknika bat, estrategia bat baizik”, aipatu zuen Juliok. Eta estrategia gisa “ondo” egon arren, arriskua ere baduela azaldu zuen: “Bestelako aktibismo mota batzuetara jauzi egitea eragotzi dezake; eroso sentitu daiteke bat ziberaktibismoa soilik egiten”.

Dauden sare mota ezberdinetan (zentralizatuak deszentralizatuak eta banatuak) aktibismoa egiteko modu ezberdinak egon arren, bi estrategia eredu azaldu zituen Juliok:

  1. Kanpainaren logika: zentro bat eraiki, ekintzak proposatu eta ideia zabaldu. Aktibismo tradizionalarekin lotu daiteke. Gai bat proposatzen da, antagonista bat, defendatu beharreko neurri batzuk eta mobilizatzeko modu bat. Atxikimendu eskatzen zaio jendeari.
  2. Swarming-a: hasiera batean aurreikustea ezinezkoa den ondorioak dituen eztabaida sozial bat sortzea. “Gai bat hasten da, eta eztabaida-prozesuan berotu arte itxaron. Ez da prozesua kontrolatzeko saiakerarik egien, uko egiten zaie. Zabaltzea da ideia, eztabaida sakabanatzea, eta ez dago proposamen argirik ere.

Estrategia edozein izanda ere, informazioa argitasuna eta irisgarritasuna funtsezkoak direla azpimarratu zuen, eta kontuan hartu beharreko elementuen inguruko gomendioak eman zituen:

  • Dokumentazioa: informazio zehatzetik abiatu behar.
  • Diskurtsoa: argia, zehatza, ulergarria.
  • Hartzaileak: ondo zehaztu.
  • Tresnak: inoren bitartekaritzarik gabe erreproduzitzeko aukera eman behar da.
  • Ikusgarritasuna: kanpainaren hedapenaren nondik norakoen berri emateko bide bat behar.

Aktibisten profilen zein komunikatzeko erabiltzen dituzten bideen aniztasunak zuzenean eragiten du eragin eremuan. Eragina izateko, komunitate digitalean ditugun «lotura sendoek» duten pisua nabarmendu zuen Juliok, baina, era berean, «lotura arinak» ere behar direla gogorarazi zuen (ohiko komunitateetatik kanpo daudenengana ez baikara inoiz helduko bestela).

Ahalik eta eragin eremu zabalena izateko ideiarekin, komunitate digitalean sortzen diren lotura ezberdinak barnebiltzen dituen ideia mahairatu zuen Juliok: Herrizoma (naturan errizomak duen itxura eta ‘herria’-ren arteko jokoa eginez). Juliok irudikatzen duen metakomunitateak euren artean lotura estua  izango luketen komunitateek osatuko lukete, baina, aldi berean, haragoko loturak eduki behar lituzke. “Euskal komunitatea ezin da murriztailea izan, euskararen aldeko egitasmoetan beti berberek topo egitea nahi ez badugu”, adierazi zuen.