Select Page

Laburbira 2016rako film laburrak proposatzeko epea zabalik abenduaren 20rarte

2016 urteko Laburbira zirkuiturako lanen aukeraketa hasi aurretik abenduaren 20rarteko epea zabaldu da, sortzaileek euskarazko film laburrak bidali ahal izateko. Jasotako lanen artean urtarrilean aukeratuko dira Laburbiran eskainiko diren lanak.

2015eko Laburbiraren kartela

2015eko Laburbiraren kartela

Hamairugarren Laburbiran beraz, deialdi berezia egiten dugu euskarazko film laburrak euskaraz egiten dituzten sortzaile guztiengana heltzeko: aurten guztiek izango dute aukera beraien lanak aurkezteko, zirkuituan proiektatu daitezen. Topaguneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada emateko, beste hiru egitasmo ere antolatzen ditu: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia. Eta helburu berarekin zabalduko du aurten Laburbiran deialdi berezi hau.

Euskarazko zinemagintzaren mokadu txikiak eskainiz Euskal Herriko eta diasporako hainbat herritan izaten da Laburbira. Horixe baita zirkuitu ibiltari honen helburu nagusia; sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei geurean sortutako perla hauez gozaraztea.

Aurten ere martxoan izango da Laburbira, oraindik zehaztu gabe dago zein herri bisitatuko dituen, hori Laburbiran parte hartu nahi duen euskaltzaleen elkarte kopuruaren arabera izango baita. Iaz 29 herritan zehar ibili zen zirkuitua, zortzi film labur erakutsiz.

Filmeak aurkezteko baldintzak

Azaroaren 30etik abenduaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak kultura@topagunea.org helbidera bidaliz.

Aurkeztu ahal izateko, filmeek euskaraz egindakoak eta 2013tik hona ekoiztutakoak izan beharko dute.

Interesatuek, honakoak aurkeztu beharko dituzte:

  • Sortzailearen datuak eta aurkezpen laburra (4-5 lerrotan bere ibilbidea).
  • Filmaren sinopsia
  • Filmaren fitxa teknikoa
  • Filma bera, euskarri digitalean (mp4, mov…)

Bestalde, aurtengo Irudienean egongo diren film laburrak ez dira berriz aurkeztu beharko, zuzenean Laburbirarako aukeraketa fasean sartuko direlako.

Aukeraketa egiteko irizpideak

Urtarrila erdialderako aukeratuko dira 13.Laburbiran herriz-herri eskainiko diren film laburrak. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, honakoak:

  • Publiko guztientzako lanak izatea.
  • Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka.
  • Sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna.
  • Genero ikuspegia