Select Page

Kukulaisi Aisialdirako Topagunetik Ekuadorren izan gara!

Kukulaisik Garabide Elkartearekin lankidetzan dihardu 2021. urteaz geroztik, hasieran, HIBIL (Herri Indigenen Biziberritze Estrategiak Indartzeko Lankidetza Sarea) ikastaroan parte hartuz, eta, orain, Ekuadorreko programan aholkulari lanak eginez. Bigarren programa hau dela eta izan gara Ekuadorren.

Ekuadorreko kitxueraren hizkuntza biziberritzean esperientziak elkartrukatu eta elkar elikatzeko proiektu bat abiatu zuen Garabidek, eta helburu horrekin, alor desberdinetako euskalgintzako erakundeei proiektuan parte hartzea proposatu zien: AEK, Elhuyar, Aiaraldeko Faktoria, eta tartean, gu. 2 urteko proiektu honen bidez, kitxueraren biziberritzea indartzeko abian dauden proiektuen gainean gure esperientzia partekatzea eta aholkularitza eskaintzea da gure lana.

Kukulaisiren kasuan, bertako kitxuerazko aisialdi-eskaintza diseinatzen laguntzea izan da gure egitekoa. Horretarako, urtean zehar online saioak egin genituen, eta irailean Ekuadorreko Imbabura lurraldera bidaiatu genuen aurrez aurreko eskolak eta aholkularitza modu sakonagoan egin ahal izateko. 10 egun igaro ditugu bertan, eta ezin dugu bihotza beteago ekarri. Esperientzia benetan aberasgarria izan da beste komunitate batzuen errealitatea ezagutu, elkar entzun eta elkarrengandik ikasteko aukera izatea. Yupaychani, mashikuna!