Select Page

Haurren hizkuntza erabileran helduek duten garrantzia azaleratuko dute, urriaren 19an, Iruñeko jardunaldietan

Haurren aurrean helduok heldu ekimenaren bigarren edizioa urriaren 19an abiatuko da. Ekimen horrek helburu bikoitza du: batetik, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta, bestetik, helduok haurren hizkuntzaren ikaskuntza eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea.

Helburu horiei zuzen-zuzenean erantzutera bideratutako jardunaldiekin abiatuko da ekimena. Besteak beste, hizkuntzen sozializazioa, eta helduen eredugarritasuna eta erreferentzialtasuna bezalako gaiak sakonean landuko dituzte Iruñean antolatutako jardunaldietan.

Gai horietan adituak diren lau hizlari ariko dira, bi saiotan banatuta. Goizeko saioa Kondestable jauregian izango da eta Gemma Sangines psikologoa eta Paula Kasares eta Rosa Ramos soziolinguistak ariko dira bertan. “Hizlari bakoitzak bere esparrutik egingo du ekarpena, eta hori da, hain zuzen ere, jardunaldien indarguneetako bat”, aitatu du ekimenaren koordinatzaile Jon Zapatak.

Arratsaldeko saioa, berriz, Laba aretoan izango da, eta Kike Amonarriz izango da bertaratzen diren gurasoei euskararen erabileran aurrerapausoak emateko nola eta zertan lagundu dezaketen azalduko diena.

Goizeko zein arratsaldeko saioa doakoak dira eta publikoari zabalik daude, baina goizeko saioan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, ekitaldiaren antolakuntza ahalbideratzeko.

Hizlariak

Goizeko saioa: Kondestable jauregian, 10:00etatik aurrera

Helduok, eragile eta eredu: haurren euskarazko sozializazioari
laguntzen dioten hizkuntza portaerez hausnarrean

 

Paula Kasares (Iruñea, 1969). Soziolinguista

 Euskal Filologian eta Antropologian graduatua, Soziolinguistikan doktorea. Euskararen indarberritzea ardura eta ikerketa arlo du eta haurtzaroko euskarazko hizkuntza sozializazioan aztertzailea eta hedatzailea da. Egun, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuan jarduten du.

Belaunaldi berrien komunikazio arauak hobetzeko baldintzak

 

Rosa Ramos (1966, Iruñea). Soziolinguista

Nafarroako tokiko administrazioko euskara teknikaria 1989tik 2021era, lan teknikoa eta soziolinguistikaren lanketa uztartu ditu kaleratutako argitalpenetan eta eskainitako trebakuntza saioetan. 2022ko irailean Uharri Soziolinguistika Aplikatua aholkularitza-zerbitzua sortu zuen.

HITZALDIAREN SINOPSIA

Hiztunok hainbat komunikazio arau oharkabean betetzen ditugu. Garrantzitsua da gizarte arau horiek azalaraztea eta aztergai bihurtzea, oinarrizko baldintzak baitira haurrek euskara erabiltzeko testuinguru hobea izan dezaten diseinatutako esku-hartzeetan.

Euskararekin, izan gaitezen asertiboak: haurren aurrean jokaerak
hitzak baino altuago mintzatzen direlako

  Gemma Sagines (Bilbo, 1970). Psikologoa

Psikologoa Kirol psikologian (UNED) eta Jokaeraren aldaketan (CENTRO KANTOR, Salamanca) masterrak. Ikertzeko nahikotasuna (Universidad de Salamanca). Hiztun gutxituen jokaeran aditua. Hizkuntza Asertibitatean lan egiten du 2003. urtetik. TELP (Taller d’espai lingüístic personal) sortzailetako bat. Irten Hizkuntzaren armairutik (2015) liburua idatzi du, Ferran Suay-rekin batera.

HITZALDIAREN SINOPSIA

Hizkuntza jokaera, haurren aurrean, eraginkorra izateko, baldintza batzuk eman behar dira. Hizkuntza asertibitatea lantzea lagungarria izan daiteke eredu gai bat aurkezteko heldu eta umeen aurrean. Gure espazio linguistiko zaintzeak eta hedatzeak besteon gainean efektu hedakor bera izango du.

Arratsaldeko saioa: Laba aretoan, 18:00etan

Helduok, eragile eta eredu: haurren euskarazko sozializazioari
laguntzen dioten hizkuntza portaerez hausnarrean

 

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961). Soziolinguista eta komunikatzailea.

Euskal Filologian lizentziatua. Tolosako Udaleko Euskara Zerbitzuburu (1984-90) eta SIADECO Ikerketa taldeko partaide (1990-2000). Soziolinguistikari buruzko artikulu ugari idatzi ditu eta 2019an “Euskararen bidegurutzetik” liburua argitaratu zuen.
Umoregilea eta ETBko hainbat programatako aurkezle eta zuzendari. Euskararen Aholku Batzordeko kide eta euskaltzain urgazle. 2019tik 2023ra Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaria.

HITZALDIAREN SINOPSIA
Euskararen biziberritze-prozesuari dagokionez, askotan esan izan dugu eskola ezinbestekoa dela, baina eskolak bakarrik ezin duela. Haurrek eta gazteek euskara ikastetxeetatik kanpo erabiliko baldin badute, ezinbestekoa izango da horretarako baldintza eta eskaintza egokiak sortzea. Eta horiek lortzeko guraso euskaldunen papera funtsezkoa eta garrantzitsua da, bai eskola barrura begira, bai eskolaz kanpoko jarduerei begira, eta baita, guraso erdaldunen inplikazioari begira.
Guraso euskaldunek nola eta zertan lagundu dezaketen azaltzen saiatuko gara hitzaldi honetan.

Informazio gehiago oskarb@topagunea.eus edo 688 73 02 35