ZERGATIK EZ tailerra

Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez ireki du Zergatik ez? euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnartzeko tailerren eskaintza. Tailer horietan, inguruan ditugun hizkuntzekiko harremanaz hausnartu eta euskarari garrantzia handiagoa emateko gakoak ematen dira.

Saioak bi ordu eta erdi irauten du. Hizkuntzen inguruko datu orokorrak, eta mitoak apurtzeko gakoak eskaintzeaz gain, norberaren hizkuntza jarreraz, eta dakartzan ondorioez hasuanrtzeko tartea ere izaten da denbora horretan. Funtsean, saioek euskararekiko jarrera baikorrak sustatu eta hizkuntzaren errealitatearen eta etorkizunaren ikuspegi baikor bat azaleratzea dute helburu. Besteak beste, euskara goxoki bat dela defendatzen da tailerrean, eta gozatzeko gonbitea luzatu. Hartzaile potentzialak euskaraz jakin bai, baina erabileran zer hobetua duten euskaldunak dira.

Zergatik ez? tailerra Euskaltzaleen Topaguneak sortu du, Kataluniako Tallers Per La Llenguaren materialean oinarrituta, eta 2012an sinatutako hitzarmen bati esker, 11 euskara elkartetako lagunak trebatu ditu Euskal Herri osoan eman ahal izateko.

Saio hauen gainean informazio gehiago jaso nahi dutenek zergatikez.org webgunera jo dezakete. Gainera, informazioa jaso ondoren, galdera erraz batzuei erantzun eta zozketa batean parte hartzeko aukera eskaintzen du webguneak.

 

Zenbakia: 11 euskara elkarte

AED eta Txatxilipurdi (Arrasate), Bagera (Donostia), Berbaro (Durango), Bizarra Lepoan (Getxo), Elgoibarko izarra (Elgoibar), Jardun (Bergara), Karralikaluze (Atarrabia), Loramendi (Aretxabaleta), Pil-pilean (Soraluze) eta Zuhatza (Deba).