Zabalik dago Irudienean lanak aurkezteko epea

Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen plazan, Irudienean, lanak aurkeztu eta proiektatzeko aukera daukate sortzaileek. Horretarako, urriaren 16ra arte eman daiteke izena, bi bidetatik:

1.- Durangoko Azokaren webgunean erregistratu eta izen ematea beteta.

2.- Erantsitako dokumentua deskargatu, bete eta kultura@topagunea.eus helbidera bidalita.

IRUDIENEAn, era guztietako lanak aurkez daitezke, hala nola film laburrak, luzeak, dokumentalak, fikzioa, animazioa, spotak eta abar. Bideoklipak Azoka TBn proiektatuko dira. Lan berriak edo gutxi zabaldutakoak lehenetsiko dira, eta osorik edo zati bat proiektatu daiteke.

Gunearen helburua, euskarazko ikus-entzunezkoak hedatzea da, sortzaileak eta ikusleak harremanetan jarriz. Proiekziorako iraupena mugagabea izango da (beti ere egitarauak eskaintzen dituen aukeren barruan), eta aurkezpenetarako tartea egongo da. Kasu guztietan, sortzaileak egotea lehenetsiko da, hartzaileekin zuzenean harremanetan jar daitezen. Emanaldia eta aurkezpena euskaraz izango dira.

Abenduaren 2tik 6ra izango da aurten Durangoko Azoka. Irudienean ez ezik, gainontzeko guneetan aurkezpenak egin nahi izanez gero, azokaren webgunean aurkituko duzue informazioa.