Xirimiri taldeak irabazi du Kameratoia

Larunbat honetan, maiatzaren 26an, bukatu da KAMERATOIA, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, 100 lagunetik gora bildu ginen parte hartzaileen lanak ikusi eta irabazleen izenak jakiteko.

Kameratoia 2012 - Irabazleak

 

Lehenengo saria (1.500€), Xirimiri taldeak jaso du, “Ondoezik” lanarengatik. Bigarren saria (1.200€), M-taldearentzat izan da, “Goitik behera” ikus-entzunezkoarekin. Eta hirugarren saria (900€), “Koproskilos eta Unai” taldeak lortu du, “Zuhaitzaren Eguna” film laburrarekin. Oier Plaza (bideogilea), Hibai Castro (dokumentalgilea) eta Rosa Martin Sabaris (EHUko irakaslea) izan dira aurtengo epaileak.

Lehiaketaren zortzigarren edizioa Gernika-Lumon izan da, eta 40 gazte inguruk hartu dute parte. Bost egunetan, 3 eta 8 minutuko ikus-entzunezkoak ekoiztu dituzte gazteek. “Goitik behera” izan da aurtengo gaia, eta herriko ezaugarri batzuekin osatu behar izan dituzte lanak.

Emanaldian, Benito Ansola Sarien berri izan zuten bertaratuek. Ikus-entzunezkoak ekoizteko 4.000€-ko bi sari banatuko dira, eta proiektuak aurkezteko epea zabalik dago jadanik.

Saria lortu edo ez, parte hartzaile guztien lanak dira ikusteko modukoak, eta Kameratoia.com gunean aurkituko dituzue.

Zorionak denoi!