XIII. Kameratoian “dzanga” egiteko izen ematea zabalik

Aurten Lekeition ospatuko da, Euskal Zine Bileran gazteentzako espazio berri bat zabalduz. Aurkezpena online egingo da urriaren 20an eta 48 ordu izango dira filmak egiteko. Sari banaketa ekitaldian 2600€ banatuko ditu epaimahaiak, Lekeitioko zine aretoan, urriaren 28an. Izen ematea urriaren 15era arte dago zabalik www.kameratoia.eus en.

 

Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallya aldaketa garrantzitsu batekin dator aurten Lekeition ospatuko da, urria amaieran.  Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak elkarrekin eman duten pauso berri bat izan da;  Euskal Herriko gazteentzat propio, espazio berri bat zabalduko da euskarazko zinemaldi bakarrean, Euskal Zine Bileran.

Kameratoia Lekeitiora eramatearena, helburu zehatz batekin erabaki da: gazteak euskarazko ikus-entzunezkoen mundura salto egitera bultzatzea, askori lehen aukera eskaintzea, ausartzeko moduko lehiaketa bat eskura jartzea. Kameratoiko parte hartzaileek, 48 ordutan film bat grabatzeaz gain, aukera izango dute euskarazko zinemaldia barrutik bizitzeko, jendea ezagutzeko, ondo pasatzeko eta, agian, sari potoloren bat irabazteko.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Udalak elkarlaneean antolatutako   lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta urriaren 15era arte izango da zabalik izen ematea, HEMEN

Aurtengo kronograma

XIII.Kameratoia urriko azken bi asteburutan banatuta burutuko da:

  • Urriaren 20an rallyaren aurtengo gaia eta ezaugarriak aurkeztuko dira online, www.kameratoia.eus webgunean. Goizeko 11:00etan aurkezpen bideo bat zintzilikatuko da, baita XIII.edizio honi dagozkion oinarri, arau, baldintza teknikoak eta abarrak zehatz jasotzen dituen txosten bat ere. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte filma egin eta antolakuntzari helarazteko.
  • Urriaren 22an eguerdiko 12:00ak baino lehen, antolakuntzak ikus-entzunezko lanak jasoko ditu.
  • Urriaren 28an Sari banaketa ekitaldia ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan, 12:30etan hasita. Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek erabakiko dute zeintzuk diren hiru lan irabazleak;  2600 euro banatuko dira haien artean. Publikoaren saria ere izango da, aurten hirugarren urtez.

 

Kameratoiaren beste helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik,  lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira.

Izena ematen duten lehen 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarriak  www.kameratoia.eus webgunean daude ikusgai osorik.