Azken bi urteotan lehenetsitako lan-ildo nagusietan jarri dira 2015 urterako erronka nagusiak ere eta Elena Lakak zein Jasone Mendizabalek kontzeptu beretsuak azpimarratu zituzten egitasmo berrien kokapenean: mugimendua sortzea, sentsibilizazio lanaren lehentasunari eustea, plaza irabaztea, herritarren sostengua eta hizkuntza politikatan eragitea, besteak beste. Egitasmo berriak ere aurkeztu ziren, udaberrian bertan martxan jarriko den “eta hau zergatik ez euskaraz?” kanpaina, berbarako.
Azken urtean Ipar Euskal Herriko mugimendu euskaltzalearekin izandako harremanaren eta Euskaltzaleen Topaguneak bertoko elkarteekin egindako lana ere aipatu zen batzarrean. Dinamika interesgarriak sortzen ari dira eta epe laburrean dinamika horien lehen emaitzak ikusi ahal izango direla espero da.
Aurtengo TopaEguna Lasarte-Orian ospatuko dela ere gogoratu genuen. Urriaren 17an izango da hitzordua eta Ttakun euskara elkartearen eskutik antolatuko da.
Aurtengo batzarrean bazkidetza mota berri bat onartu da Euskaltzaleen Topagunean. Herri edo eskualde zehatz bati lotuta ez dauden euskaltzaleen elkarteei zabaldu zaie Topaguneko kide izateko aukera. Bazkide lagunak izango ditugu beraz oraindik aurrera. Eta lehen bazkide laguna ere onartu genuen batzarrean: Euskara Kultur Elkargoa.
Beste bazkide bati ere ongi etorria eman genion batzarrean, Irungo Betti Gotti Euskara Kultur elkarteari.
Azkenik Zuzendaritza Batzordea berritzeko ere baliatu genuen urteko batzarra. Azken urteotan zuzendaritzakide izandako bi kidek bukatu dute bere kargualdia, Julen Arexolaleiba eta Ainhoa Urretagoienak. Kide berri bat gehitu zaio zuzendaritzari: Mikel Arrasate Atarrabiarra.